145. (144.) SALMOA

Jainko erregeari, Jaun ongileari, gorespen-kanta

1 Daviden gorespen-kanta* 145,1 Salmo alfabetikoa da; ik. 9,1 oh..
Goratuko zaitut, ene Jainko, ene errege,
zure izena beti bedeinkatuko.
2 Egunero bedeinkatuko zaitut,
zure izena beti goretsiko.
3 Handia da Jauna, guztiz goresgarria,
ulermenaz gaindikoa haren handitasuna.
4 Belaunaldi batek besteari zure egintzak goraipatzen dizkio,
zure egite ahaltsuak iragartzen.
5 Zure aintza eta ospe distiratsua aldarrikatzen dute,
eta nik zure egintza harrigarriak adierazten.
6 Zure balentria ikaragarriak aipatzen dituzte,
eta nik zure egintza handiak kontatzen.
7 Zure ontasun neurrigabearen berri zabaltzen dute
eta zure salbamena pozik oihukatzen.
8 Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
haserregaitza eta onginahi handikoa.
9 Ona da Jauna guztientzat,
gupidaz betea bere sorkari guztientzat.
10 Gorets zaitzatela, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinka zeure fededunek.
11 Aipa bezate zure erregetza ospetsua,
mintza bitez zure ahalmenaz,
12 gizakiei agertuz zure egite ahaltsuak,
zure erregetza ospetsua.
13 Zure erregetzak beti irauten du,
zure aginteak menderen mendetan.
Fidagarria da Jauna bere hitz guztietan,
leiala bere egintza guztietan* 145,13 Fidagarria… guztietan: Bertso hau, alfabetismoaren arabera beharrezkoa, falta da hebreerazko testuan, baina Qumrango testuak eta antzinako itzulpenek gorde dute..
14 Erortzear direnei Jaunak die eusten,
lur joak ditu altxatzen.
15 Zuri begira daude denak zain,
eta zuk jaten ematen diezu bere garaian;
16 eskua zabaldu eta bizidun oro onginahiz asetzen duzu.
17 Zuzena da Jauna jokabide guztietan,
leiala egintza guztietan.
18 Hurbil da Jauna dei egiten diotenengandik,
benetan dei egiten diotenengandik.
19 Begirune diotenen nahia betetzen du,
haien oihuak entzun eta salbatu egiten ditu.
20 Maite dutenak gordetzen ditu Jaunak,
gaizto guztiak suntsitzen.
21 Egin beza nire ahoak Jaunaren gorespena
eta bedeinka bezate izaki guztiek haren izen santua
beti eta beti!