143. (142.) SALMOA

Jainkoaren zerbitzariaren eskaria larrialdian

1 Daviden salmoa.
Jauna, entzun nire otoitza,
makurtu belarria nire erregura!
Zuzena zarelako eta leiala, erantzun niri!
2 Ez jo auzitara zeure zerbitzari honekin,
ez baita bizidunik zure aurrean errugabe.
3 Etsaiak gogor pertsegitzen nau,
bizirik zanpatzen lurraren kontra;
ilunpetan biziarazten nau, behin betiko hildakoak bezala.
4 Arnasa galtzen ari naiz, bihotza barruan lehor.
5 Aspaldiko garaiez oroitzen naiz,
zure egintza guztiak buruan darabiltzat,
zuk egindakoak hausnartzen ditut.
6 Zuregana jasorik ditut eskuak,
zure egarri naiz, lur lehorra bezala.
7 Erantzun laster, Jauna, arnasarik gabe bainago.
Ez ezkutatu niri zeure aurpegia,
zulora doazenekin bat egin ez dezadan.
8 Emadazu goizean goiz zeure maitasunaren berri,
zuregan baitut uste on.
Erakustazu jarraitu behar dudan bidea,
zuregana jasoa baitut gogoa.
9 Libra nazazu, Jauna, etsaiengandik,
zuregan babesten bainaiz* 143,9 zuregan babesten bainaiz: Grekozko itzulpenaren arabera; hebreerazkoa ulergaitza da..
10 Erakustazu zure nahia betetzen, zu baitzara nire Jainkoa.
Zeure espiritu ongileaz gida nazazu toki egokitik.
11 Zarena zarelako* 143,11 Zarena zarelako: Ik. 25,11 oh., Jauna, gorde nazazu bizirik;
zeure justiziagatik, atera ni larrialditik;
12 zeure maitasunagatik, suntsi itzazu nire etsaiak,
hondatu nire erasotzaileak,
zeure zerbitzari nauzunez gero.