124. (123.) SALMOA

Esker ona arriskua pasa ondoren

1 Erromes-kanta.
Jauna gure alde izan ez balitz –esan bezate israeldarrek–,
2 Jauna gure alde izan ez balitz, etsaiek eraso zigutenean,
3 bizi-bizirik irentsiko gintuzketen:
hain haserre-suminduak zeuden gure kontra;
4 urek amilka eramango gintuzketen, uholdeek hondoratuko;
5 hondoratu egingo gintuzketen ur oldartsuek.
6 Bedeinkatua Jauna,
haien hortzen harrapakin egin ez gaituena!
7 Txoriak ehiztarien tranpatik bezala gara libratu:
tranpa hautsi egin da eta gu libre gelditu.
8 Jauna dugu laguntzaile, zeru-lurren egilea.