121. (120.) SALMOA

Israelen zaintzailea

1 Erromes-kanta.
Begiak mendietara ditut jasotzen:
nondik etorriko ote zait laguntza?
2 Jaunarengandik datorkit laguntza,
zeru-lurrak egin zituenagandik.
3 Jaunak ez zaitu erortzen utziko,
zure zaintzailea ez dago lo.
4 Ez, ez du sekula lorik egiten Israelen zaintzaileak.
5 Jauna duzu zaintzaile, Jauna gerizpe: alboan duzu beti.
6 Ez dizu kalterik egingo eguzkiak egunez,
ez ilargiak ere gauez.
7 Jaunak zainduko zaitu gaitz orotatik,
berak zuri bizia zainduko.
8 Jaunak zainduko ditu zure ibilera guztiak
oraindanik eta betiko.