12. (11.) SALMOA

Mundu galduaren erdian erregua

1 Koru-zuzendariarentzat. Zortzi hariko musika-tresnaz. Daviden salmoa.
2 Salba gaitzazu, Jauna!
Bukatu dira fededunak, galdu da leialtasuna gizartean!
3 Faltsukeriaz hitz egiten diote elkarri,
ezpainez lausengari, bihotzez maltzur.
4 Ebaki beza Jaunak ezpain lausengari oro,
handikeriaz mintzo diren mihiak.
5 Honela baitiote: «Mihiak egiten gaitu indartsu;
geure ezpainez baliatzen garelarik, nor nagusitu guri?»
6 Baina Jaunak dio: «Errukarriak zapaltzen dituztelako,
behartsuak intzirika ari direlako,
oraintxe jaikiko naiz eta salbatuko dut hasperenka ari dena».
7 Jaunaren hitzak jatorrak dira,
zilar garbia* 12,7 zilar garbia: Ondoren, esanahi iluneko bi hitz datoz jatorrizkoan., zazpitan birfindua.
8 Zeuk, Jauna, zeuk babestuko gaituzu beti,
zeuk babestuko horrelako jendearengandik:
9 jirabiran dabiltzan gaiztoengandik,
gizartean nagusi den gaiztakeriatik.