106. (105.) SALMOA

Herriaren bekatuzko historia eta Jaunaren eroapena

1 Aleluia! Gora Jauna!
Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.
2 Nork azalduko Jaunaren egintza handiak?
Nork aski goretsiko hura?
3 Zorionekoa zuzenbidea errespetatu
eta etengabe justizia egiten duena!
4 Oroitu nitaz, Jauna,
zeure herriarekiko onginahiagatik, zatozkit salbatzera!
5 Ikus dezadala zure aukeratuen zoriona,
poz nadila zure herriaren pozarekin
eta zure oinordeko izateaz harrotu.
6 Bekatu egin dugu gurasoen antzera,
oker jokatu dugu, errudun gara.
7 Gure gurasoek, Egiptotik hasita,
ez zituzten ulertu zure egintza harrigarriak,
ahaztu egin zituzten zure maitasunaren ezaugarri ugariak.
Errebelatu egin ziren, Itsaso Gorritik hasita,
8 Jaunak salbatu zituen arren,
bere izenaren ohoreagatik eta bere ahalmena azaltzeko.
9 Mehatxu eginez, Itsaso Gorria lehortu egin zuen,
basamortuan zehar bezala pasarazi zituen itsas hondotik.
10 Gorroto zietenen eskutik salbatu zituen,
etsaien menpetik askatu.
11 Urak estali zituen haien erasotzaileak,
bakar bat ere ez zen bizirik gelditu.
12 Orduan, Jaunaren hitzak sinetsi zituzten
eta kantuz goretsi zuten.
13 Baina laster ahaztu zituzten haren egintzak
eta ez zuten itxaropenik jarri haren egitasmoan.
14 Jan-irrika sartu zitzaien basamortuan,
eta Jainkoa tentatu eremuan.
15 Eskatzen ziotena eman zien hark,
baina beren janguragatik sabelmina* 106,15 sabelmina: Hebreerazko hitzaren esanahia ez da segurua; zenbaitek erorialdia, makalaldia ulertzen du; grekozko itzulpenak asetasuna dio.bidali.
16 Moisesen eta Aaron Jainkoaren sagaratuaren inbidia
izan zuten kanpalekuan.
17 Orduan, lurra zabaldu eta Datan irentsi zuen,
Abiramen lagun-taldea azpian hartu.
18 Suak kiskali zuen haien taldea, garrak irentsi gaiztoak.
19 Horeb mendian* 106,19 Horeb mendia: Sinai mendiaren beste izen bat; ik. Ir 3,1 oh.zekorra egin zuten,
metal urtuzko idoloaren aurrean ahuspeztu ziren.
20 Beren ospe zuten Jainkoaren ordez,
belarra jaten duen zekorraren irudia jarri zuten.
21 Ahaztu egin zuten Jainkoa, beren salbatzailea,
Egipton gauza ikusgarriak egina,
22 Kamen herrialdean egintza harrigarriak
eta Itsaso Gorri aldean ikaragarriak egin zituena.
23 Haiek suntsitzeko asmotan zen Jainkoa,
baina Moises haren aukeratua
tartean sartu zen eta haren aurrean jarri,
bere haserrea baretuz, suntsi ez zitzan.
24 Lurralde zoragarriari mespretxu egin zioten,
Jainkoaren hitzaz fidatu ez zirelarik.
25 Beren oihal-etxoletan marmar egin zuten,
Jaunaren esanera jarri gabe.
26 Hark, orduan, eskua jaso eta zin egin zuen
basamortuan hilko zituela,
27 haien ondorengoak nazioetan sakabanatu
eta jentilen artean barreiatuko zituela.
28 Peorko Baal jainkoarekin uztartu ziren
eta jainko hilei eskainitako oparigaiak* 106,28 jainko hilei eskainitako oparigaiak: Edo hildakoen ohorezko opariak.jan zituzten.
29 Horrelako jokabideaz Jauna haserrarazi zuten
eta izurrite latza etorri zitzaien gainera.
30 Baina Pinhasek jaiki eta erruduna zigortu zuen* 106,30 erruduna zigortu zuen: Jatorrizko aditzak bitartekotza adierazten du, baina esanahi zehatza ez da argia.,
eta gelditu egin zen izurritea.
31 Horregatik, Jainkoak zuzenetsi egin zuen
gizaldiz gizaldi betiko.
32 Meribako iturrian Jainkoa haserretu zuten,
eta haien erruz Moisesek jasan zuen kaltea.
33 Izan ere, barrua samindu zioten,
eta hark zentzugabe hitz egin.
34 Ez zituzten herriak suntsitu,
Jaunak agindua zien bezala.
35 Jentilekin elkartu ziren ezkontzaz
eta haien ohiturak berenganatu.
36 Gurtza eman zieten haien idoloei
eta hauek galbide gertatu zitzaizkien.
37 Beren seme-alabak opari eskaini zizkieten deabruei.
38 Odol errugabea isuri zuten, beren seme-alaben odola
kanaandar idoloei opari eskainiz:
lurraldea odolez busti zuten eta profanatu.
39 Horrela jokatuz, beren buruak kutsatu
eta Jainkoari desleial izan* 106,39 desleial izan: H.h., prostituzioan ari; idolatriaren desleialkeria adierazten du (ik. Os 1,2 oh.).zitzaizkion.
40 Piztu zen Jaunaren haserrea bere herriaren aurka
eta higuin izan zuen bere ondarea.
41 Nazioen eskuetara eman zituen,
eta etsaiak nagusitu zitzaizkien.
42 Arerioek zapaldu egin zituzten eta menpean hartu.
43 Hamaika aldiz libratu zituen,
baina haiek, beren jarreran setatsu,
beren erruengatik galtzen ziren.
44 Baina ikusi zituen Jaunak beren larrialdian
eta haien garrasiak entzun.
45 Oroitu zen haiekin egina zuen itunaz
eta bere maitasun handiaz gidatu zituen.
46 Haiekiko gupida sortu zuen
erbestera eraman zituztenengan.
47 Salba gaitzazu, Jauna, gure Jainkoa, bildu nazioen artetik,
zure izen santuari eskerrak emanez,
zure gorespena harro abes dezagun.
48 Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, betidanik betidaino!
(Herri osoak erantzun beza:) «Amen»* 106,48 48. tx.eko bedeinkazioaz Salmo-liburuaren laugarren zatia bukatzen da (ik. 41,14 oh.).
Aleluia! Gora Jauna!