1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14

«Nire ituna hautsi dute»

1 «Hartu ezpainetan adarra!
Arranoa bezala datorkio
zoritxarra gainera Jaunaren herriari,
nire ituna hautsi baitute,
nire irakaspenaren aurka
jarri baitira.
2 Deiadar egiten didate:
“Israelen Jainko aitortzen zaitugu”.
3 Baina Israelek
bazter utzi du ongia;
etsaiak pertsegituko du.
4 Nik aukeratu gabeak
izendatu dituzte errege,
nire oniritzirik gabe
hautatu dituzte buruzagiak.
Beren zilar eta urrez
jainko-irudiak egin dituzte,
beren buruaren galbide.
5 Higuingarria Samariak
gurtzen duen zekorra* 8,5 Samariak gurtzen duen zekorra: Jeroboam I.ak Betelgo santutegian jarritako zekorra aipatzen da (ik. 10,5; 1 Erg 12,28-29).!
Haserre-sutan nago
nire herriaren aurka:
noiz helduko ote zarete
garbi izatera?
6 Irudi hori Israelgo artisau batek
egina da, eta ez da jainko.
Samariaren zekorra
zati-zati egingo dute.
7 Izan ere, haizea erein dute,
eta ekaitza jasoko.
Alerik gabeko galburuak irinik ez,
eta, izango balu ere,
atzerritarrek irentsiko lukete.
8 Irentsia dute Israel:
hor dago herrien artean,
ezertarako ez den tresna dirudi.
9 Efraim, basasto tematsua,
Asiriara joan da,
aliatuak erosi ditu.
10 Eskain diezaiela dirua herriei…
Nik bilduko ditut orain,
laster kizkurtuko dira
errege nagusiaren* 8,10 errege nagusi: Asiriako erregea adierazteko deituretariko bat (ik. 5,13).zamapean.
11 Aldareak ugaldu ditu Efraimek
bekatua kentzeko,
baina bekatu-bide gertatu
zaizkio aldareak.
12 Milaka lege idazten badiot ere,
ez ditu beretzat hartzen.
13 Sakrifizioak eskaintzea dute atsegin,
hildako abereen okela jateko;
baina nik, Jaunak,
ez ditut sakrifizio horiek atsegin.
Horien bekatuak gogora dakartzat,
beren hutsegiteengatik
kontuak eskatuko dizkiet,
eta Egiptora itzuli beharko dute.
14 Israelek bere Egilea ahaztu du
eta jauregiak jaso;
Judak, berriz, hiriak sendotu.
Baina nik su emango diet hiriei,
suak irentsiko ditu jauregiak».