← Aurrekoa Nahum 3
1 2 3

Ninive hondatua

1 Zoritxarrekoa zu, hiri odolzalea,
maltzurkeriaz eta indarkeriaz betea,
beti harrapakin bila zabiltzana!
2 Horra hor zigor-zartadak,
gurpilen zarata-hotsa,
zaldien zalaparta,
guda-gurdien trinki-tranka!
3 Zaldizkoen oldarra,
ezpaten distira,
lantzen tximistak!
Zaurituak pilaka,
hilak metaka,
hilotzak ezin konta ahala!
Hilotzetan estropezu egiten da.

Ninive emagaldua lotsagarri

4 Ninive,
gehiegikeriez beteriko emagaldua,
sobera ederra
eta sorginkeriatan iaioa!
Bere lohikeriez
nazioak menderatzen zituen,
bere sorginkeriez herrialdeak.
5 Horregatik,
honela dio Jaun ahalguztidunak:
«Hona ni zure aurka:
gonak aurpegiraino jasoko dizkizut,
biluzik agerraraziko zaitut
herrien aurrean,
lotsagarri erreinuen aurrean.
6 Zikinez estaliko zaitut,
eta laidoz beteko
denen begi aurrean.
7 Ikusiko zaituzten guztiak
aldendu egingo zaizkizu, esanez:
“Xehatua gelditu da Ninive;
nor errukituko zaio?
Non aurkituko
kontsolatuko duenik?”»

Ninive Tebas bezala hondatua

8 Tebas* 3,8 Tebas: No Amon hebreerazkoan; ik. Jr 46,25 eta oh. Tebas Asiriako errege Asurbanipalek desegin zuen, K.a. 663. urtean.baino gehiago zarela
uste al duzu?
Nilo ibaiaren adarren erdian
zegoen,
erabat urez inguratua;
ibaia zuen harresi.
9 Nubia eta Egiptoko
indar neurtezinak
zituen euskarri,
Put* 3,9 Put: Afrikako herria, Itsaso Gorriaren kostaldean.eta Libiako herriak laguntzaile.
10 Baina Tebas ere erbestera
gatibu eraman zuten,
haren haurrak
kale-bazter guztietan sarraskitu,
handikiak
menderatzaileen artean banatu
eta buruzagiak katez lotu.
11 Ninive,
zu ere edari saminez aseko zara,
zeure burua gorde
egin beharko duzu;
babes bila ibiliko zara,
etsaiengandik ihesi.

Ninivek zer eginik ez

12 Piku helduen antzeko dira
zure gotorleku guztiak:
pikondoa astindu orduko
behera datoz,
jango dituztenen ahora.
13 Begira,
zure gudariek emajende dirudite;
zure lurraldeko ateak
zabal-zabalik daude
etsaien aurrean,
suak irentsi ditu sarrailak.
14 Pilatu behar adina ur
setiatuko zaituztenerako;
sendotu gotorlekuak;
ekarri lokatza, oratu buztina,
eta prestatu adreilu-moldeak.
15 Han irentsiko zaitu suak,
han galduko ezpatak;
erabat irentsiko zaituzte,
matxinsaltoak hostoa bezala.
Matxinsaltoak bezala ugaldu zarete.

Erremediorik gabeko hondamendia

16 Zeruko izarrak hainbat
ugaritu dituzu
zeure merkatariak.
Baina orain desagertu dira,
hegoak zabaldu
eta hegaz doazen
matxinsaltoak bezala.
17 Zure buruzagiak
matxinsaltoak bezala dira,
zure gobernariak zomorroak bezala:
egun hotzean
hormetan kokatzen dira
eta eguzkiak berotzean ihesi doaz,
aztarnarik ere utzi gabe.
18 Asiriako errege,
zure gobernariak loak hartu ditu,
zure gudalburuak
ez dira gehiago mugitzen,
zure gudarostea
mendietan sakabanatua* 3,18 gobernariak: H.h., artzainak. // mendietan sakabanatua: K.a. 609an, babiloniarrek Armeniako mendietaraino bota zituzten asiriarren azken gudarosteak.dabil,
eta ez da hura bilduko duenik.
19 Zure hondamendiak
ez du erremediorik,
ez zure zauriak sendabiderik.
Zure zoriaren berri
entzuten duten guztiak
txaloka ari dira pozez.
Izan ere, ba ote da inor munduan
zure gaiztakeria jasan
ez duenik?