Erregetza hitzez hots egina: mendiko hitzaldia (5,1–7,29)

Sarrera

1 Jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak hurbildu zitzaizkion. 2 Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:

Zoriontasunak

(Lk 6,20-23)

3 «Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege. 4 «Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko. 5 «Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz* 5,5 haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz: H.h., haiek izango baitute lurra ondaretzat.. 6 «Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko* 5,6 Jainkoaren nahia betetzeko: H.h., zuzentasunaren.gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko. 7 «Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango. 8 «Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa. 9 «Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko. 10 «Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik* 5,10 Jainkoaren nahia betetzeagatik: H.h., zuzentasunagatik.erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege. 11 «Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean. 12 Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan; zuen aurreko profetak ere halaxe erabili zituzten.