Parabola-hitzaldia (4,1-34)
Ereilearen parabola
1 Beste batean, irakasten hasi zen Jesus aintzira-ertzean. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, uretan zegoen txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende-taldea, berriz, lehorrean zegoen, aintzira ondoan. 2 Eta parabola bidez hitz eginez, irakaspen asko eman zien. Honela ari zitzaien bere irakastaldian: 3 «Entzun! Atera zen behin batean ereilea hazia ereitera. 4 Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen; eta txoriek etorri eta jan egin zuten. 5 Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen; 6 baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. 7 Beste zenbait ale sasi artean erori zen: sasiek, haztean, ito egin zuten hazia eta ez zuen fruiturik eman. 8 Gainerakoak lur onean erori ziren; erne, hazi eta fruitua eman zuten: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun». 9 Eta ohar hau egin zien Jesusek: «Ulertzeko gauza denak uler beza».Zergatik mintzo den Jesus parabola bidez
10 Bakarrik gelditu zirenean, Hamabiekin batera Jesusekin zebiltzanek parabolen esanahiaz galdegin zioten. 11 Eta hark esan zien: –Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioa ezagutzea; kanpokoei, ordea, dena parabola bidez ematen zaie. 12 Zeren eta, Liburu Santuak dioen bezala,ikusten dute, bai, baina ohartzen ez;
entzuten dute, bai, baina ulertzen ez;
horrela,
ez dira Jaunarengana bihurtzen
eta ez zaie barkatzen* 4,12 ez dira… barkatzen: H.h., ez daitezen bihozberri eta barkatuak izan. Emandako itzulpena, Markosen aipamenaren azpian dagoen arameerazko esaldia kontuan harturik eman da..
Jesusek ereilearen parabola argitu
13 Jesusek esan zien: «Parabola hau ez duzuela ulertzen? Nola ulertuko dituzue, bada, beste parabola guztiak? 14 Ereileak mezua du ereiten. 15 Mezua ereiterakoan, batzuk “bide-bazterra” bezala dira: entzun bezain laster, Satanasek etorri eta haiengan erein den mezua kendu egiten du. 16 Beste batzuk “harri-artea” bezala dira: mezua entzutean, berehala pozik onartzen dute; 17 baina sustrairik gabeak eta iraupen gutxikoak izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten dira. 18 Beste batzuk, berriz, “sasi-artea” bezala dira: entzuten dute mezua, 19 baina bizitza honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen zaizkie eta mezua ito egiten diete, fruiturik gabe utziz. 20 Eta hona nor diren “lur ona” bezalakoak: mezua entzun, onartu eta fruitua ematen dutenak: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».Mezua entzun eta onartu beharra
(Mt 5,15; 10,26; 7,2; Lk 8,16-18; 11,33; 6,38)
21 Beste hau ere esan zien: «Ontzipean edo ohepean jartzeko pizten ote da gero kriseilua? Ez ote argimutilaren gainean jartzeko? 22 Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere argitaratuko ez denik. 23 Inork ulertu ahal badu, uler beza». 24 Esan zien ere: «Kontu izan nola entzuten duzuen! Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emango dizue Jainkoak, eta gehiago ere bai* 4,24 Zuek zein neurritan… gehiago ere bai: H.h., Zuek erabiltzen duzuen neurriaz neurtuko zaituztete, eta are gehiago (emango zaizue).. 25 Izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo».