1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16

Jesus heriotzara kondenatua

(Mt 27,15-26; Lk 23,13-25; Jn 18,39–19,16)

6 Pazko-jaiero preso bat askatu ohi zuen Pilatok, herriak eskatzen zuena. 7 Bazen kartzelan Barrabas zeritzan bat, matxinadakoan giza hilketa bat egina, beste batzuekin batera. 8 Igo zen jendea gobernariaren jauregira eta ohitura zuena emateko eskatu zioten. 9 Pilatok erantzun zien: –Nahi al duzue juduen erregea askatzea? 10 Ongi baitzekien apaizburuek bekaizkeriaz emana ziotela Jesus. 11 Baina apaizburuek jendea berotu zuten, Barrabas libratzeko eska zezan. 12 Berriro mintzatu zitzaien Pilato: –Eta zer egin behar dut juduen errege deitzen duzuen honekin? 13 Jendeak, orduan, oihu: –Gurutzera hori! 14 Eta Pilatok: –Zer oker egin du, bada? Haiek, are eta oihu handiagoz: –Gurutzera hori! 15 Orduan, Pilatok, jendeari poz emateagatik, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren* 15,15 zigorkarazi ondoren: Zigorkatzea erromatarrek esklaboei eta Erromako hiritar ez zirenei, heriotzara kondenatu eta gero, ezarri ohi zieten oinazea zen; metalezko puntadun hedez egindako zartailu batez ematen zuten., haien eskuetara eman zuen, gurutziltza zezaten.

Soldaduen isekak

(Mt 27,27-31; Jn 19,2-3)

16 Soldaduek gobernariaren jauregira sartu zuten Jesus, eta gudari-taldeko denak bildu zituzten. 17 Purpurazko jantzia ipini zioten soinean eta arantzaz egindako koroa buruan. 18 Eta agurka hasi zitzaizkion: «Agur, juduen erregea!» 19 Kanabera batez jotzen zuten buruan, listua botatzen zioten eta, belaunikatuz, aurrean ahuspez jartzen zitzaizkion. 20 Nahikoa iseka egin ondoren, purpurazko jantzia erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, atera eta gurutzean josteko eraman zuten.