1 2 3 4 5 6 7

Jauna herriarekin auzitan

1 Entzun zer esan didan Jaunak:
«Ea, hasi nire auzia,
hartu mendiak lekuko,
adi bezate muinoek zure ahotsa!»
2 Entzun, mendiok, Jaunaren auzia,
entzun,
lurraren betiereko oinarriok;
auzitan ari baita Jauna
bere herriarekin,
salaketan Israelekin:
3 «Ene herri, zer egin dizut nik zuri,
zertan izan natzaizu nekagarri?
Erantzun, mesedez!
4 Nik igoarazi zaitut
Egipto lurraldetik,
nik askatu esklabotzatik;
nik bidali ditut Moises,
Aaron eta Miriam
zure aurrean gidari.
5 Ene herri, gogora ezazu
zer asmo gaizto zerabilen
Moabeko errege Balakek,
eta zer erantzun zion
Beor-en seme Balaamek;
gogoratu
Xitimdik Gilgal bitartean
gertatutakoak,
horrela aitor dezazun
zu salbatzeko nik egindako guztia».

Jaunak zuzenbidea nahi, ez opariak

6 Zerekin agertuko naiz
Jaunaren aurrean?
Zerekin,
Jainkoari gurtza ematerakoan?
Urteko zekorrak
ekarriko ote dizkiot
erre-oparitzat?
7 Zer du Jaunak atsegin?
Ahariak milaka eskaintzea?
Olioa ibaika isurtzea?
Lehen-semea eskaini behar ote diot
neure errebeldiaren ordain?
Sabeleko fruitua,
neure bekatuaren
barkamena eskatzeko?
8 Gizaki hori,
irakatsi zaizu zer den ona,
zer nahi duen Jaunak zuregandik.
Hauxe: zuzenbidez jokatzea,
on izaten saiatzea,
eta zure Jainkoarekin
apaltasunez bizitzea.

Jaunak Jerusalemgo zuzengabekeriak zigortu

9 Deika ari zaio Jauna hiriari
–zentzuzkoa da
hari begirune izatea–:
«Israelgo leinu eta herriko batzar,
entzun* 6,9 Tx.eko hebreerazko testua iluna da. // zentzuzkoa… izatea: Grekozko itzulpenaren arabera, hebreerazkoa ulertezina baita.!
10 Jasan behar ote ditut
gaiztoaren etxea eta ondasunak,
okerbidez eta sasineurri
madarikatuz sortuak?
11 Ontzat eman ote dezaket
okerreko pisuak
eta neurri faltsuak erabiltzea?
12 Hiri honetako aberatsek
gogorkeriara jotzen dute;
hemengo bizilagunak
gezurra dariela mintzo dira,
maltzurkeria besterik ez dute ahoan.
13 Horregatik,
nik ere zigorrez jotzen zaitut,
zure bekatuengatik hondatu egiten.
14 Jan, bai, jango duzu, baina ase ez;
goseak* 6,14 goseak: Hebreerazko hitzaren esanahia ez da segurua.erreko zaitu.
Zerbait gorde nahiz ibiliko zara,
baina ezin;
eta zerbait gordeko bazenu ere,
ezpataz suntsituko nuke.
15 Erein, bai, ereingo duzu,
baina uztarik bildu ez;
oliba-alea zapaldu, bai,
baina zeure burua gantzutu ez;
mahatsa zapaldu, bai,
baina ardorik edan ez.
16 Omri erregearen aginduak
eta Akaben* 6,16 Omri: Ik. 1 Erg 16,23-28. // Akab: Omriren semea, herriari idolatriara eragiten nabarmendu zena (ik. 1 Erg 16,29-34).familiaren ohiturak
gordetzen dituzu:
haien esanetara zabiltza.
Horregatik,
zuen hiria hondatua utziko dut
eta bizilagunak lotsa gorrian.
Nire herriaren lotsaizuna
jasan beharko duzue».