Gurutze-bidean

(Mt 27,32; Mk 15,21; Jn 19,17)

26 Jesus gurutziltzatzera zeramatela, sorotik etxera zihoan bat, Simon Zirenekoa, hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen ondotik eraman zezan* 23,26 eraman zezan: Ik. Mk 15,21 oh.. 27 Herriko jende-talde handia zihoan Jesusen ondoren, baita emakume asko ere bular-joka eta harengatik aieneka. 28 Itzuli zen Jesus haiengana eta esan zien: «Jerusalemgo emakumeok, ez egin negarrik niregatik; egizue negar zeuengatik eta zeuen seme-alabengatik. 29 Hara, badatoz honako hau esango den egunak: “Zorionekoak agorrak, haurrik sortu ez duten sabelak eta titirik eman ez duten bularrak”. 30 Orduan, honela esango diete mendiei: “Eror zaitezte gure gainera”, eta muinoei: “Ezkuta gaitzazue”. 31 Izan ere, egur hezeari hau egiten badiote, zer ez ote iharrari?» 32 Jesusekin batera bi gaizkile ere eraman zituzten hiltzera.

Jesus gurutziltzatua

(Mt 27,33-44; Mk 15,22-32; Jn 19,18-27)

33 «Burezur» zeritzan tokira iritsirik, bertan gurutziltzatu zuten Jesus, baita bi gaizkileak ere, bata Jesusen eskuinean eta bestea ezkerrean. 34 Jesusek honela zioen: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren»* 23,34 Jesusek… zer ari diren: Txatal-zati hau ez da azaltzen zenbait eskuizkribu zaharretan.. Soldaduek Jesusen jantziak banatu zituzten, zotz eginez. 35 Herria begira zegoen. Agintariek, berriz, Jesusi burla egiten zioten, esanez: «Besteak salbatu ditik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, baldin bada». 36 Soldaduek ere irri egiten zioten; ondoraturik, ozpina eskaini zioten eta esan: 37 «Juduen errege baldin bahaiz, salba ezak heure burua». 38 Honako idazkun hau zuen buruaren gainaldean: «Hau juduen erregea da».