Gizon-emakumeen zoria
1 Hauek guztiak hausnartu ditutneure baitan,
eta ohartu naiz
Jainkoaren eskuetan direla
bai zuzenak, bai jakintsuak,
baita berauen egintzak ere.
Maitasunaz eta gorrotoaz
ez daki deus ere gizakiak.
2 Zori bera dute denek:
zuzenek zein makurrek,
garbiek zein likitsek;
opariak eskaintzen dituenak
bezalakoa
eskaintzen ez dituenak ere;
zintzoak bezalakoa bekatariak;
zin dagienak bezalakoa
zin egiteko beldur denak ere.
3 Hauxe duzu,
eguzkipean direnen artean txarrena:
ororentzat zori berbera.
Horregatik,
gaiztakeriaz eta zorakeriaz
betea dago
gizon-emakumeen bihotza,
bizi diren bitartean;
eta, azkenean, hildakoen artera!
4 Batek, bizirik dagoen bitartean,
baduke itxaropen:
hobe zakur bizia, lehoi hila baino.
5 Badakite biziek hil beharra dutela;
hilek, ordea, ez dakite ezer,
ez dute aurrerantzean saririk,
galdua da haien oroitzapena.
6 Bukatu ziren jadanik haientzat
amodioa, gorrotoa eta grinak.
Ez dute aurrerakoan esku-hartzerik
mundu honetan
egiten diren lanetan.
7 Ea bada! Jan bozkarioz zeure ogia,
edan alai zeure ardoa,
atsegin baititu jadanik Jainkoak
zure egintzak.
8 Eraman beti jantzi zuriak soinean,
ez egon zeure burua lurrindu gabe.
9 Goza bizitzaz
maite duzun emaztekiarekin,
Jainkoak eguzkipean bizitzeko
eman dizkizun egun hutsal orotan;
horixe baituzu zeure bizitzaren
eta eguzkipean dagizun
lanaren saria.
10 Egin dezakezun guztia egizu gogoz,
ez baita lanik, ez gogoetarik,
ez zientziarik,
ezta jakinduriarik ere
zu zoazen Hildakoen Egoitza horretan.
11 Beste hau ere ikusia dut
eguzkipean:
lasterketan ez dela beti
bizkorrena nagusitzen,
ezta guduan ere indartsuena;
jakintsuak ez duela beti
ogia irabazten,
ezta buruargia ere aberasten;
jakituna ez dela beti
ongi ikusia izaten.
Denei datozkie
aldi onak eta txarrak.
12 Gainera,
ez dakite gizon-emakumeek
noiz duten beren ordua;
sareak harrapatzen baititu arrainak
eta lakioak txoriak,
halaxe ditu aldi txarrak
bat-batean harrapatzen
gizon-emakumeak.
Indarra ala jakinduria?
13 Ikusia dut eguzkipeanbeste gauza oso jakingarri bat.
14 Ba omen zen herri txiki bat
bizilagun gutxikoa.
Errege handi batek
eraso omen zion, setiatu
eta inguruan erasogailu handiak
eraiki omen zituen.
15 Ba omen zen hiri hartan
gizon behartsu baina jakintsu bat,
eta bere jakinduriaz
libratu omen zuen hiria.
Ondoren, ordea,
ez zen inor ere oroitu
gizon behartsu hartaz.
16 Hobe da jakinduria indarra baino,
diot nik;
behartsuaren jakinduria, ordea,
arbuiatu egin ohi da
eta ez dira haren hitzak aditzen.
17 Jakintsuaren hitz eztiak
errazago aditzen dira
ergelen buruzagiaren
deiadarrak baino.
18 Hobe jakinduria armak baino.
Aski da, ordea, batek huts egitea
on guztiak hondatzeko.