Eginkizun bakoitzak bere garaia
1 Denak du bere sasoia,gauza bakoitzak bere garaia du
eguzkipean:
2 jaiotzeko garaia
eta hiltzeko garaia,
landatzeko garaia
eta landarea ateratzeko garaia,
3 hilarazteko garaia
eta sendatzeko garaia,
hondatzeko garaia
eta eraikitzeko garaia,
4 negar egiteko garaia
eta barre egiteko garaia,
aiene egiteko garaia
eta alai egoteko garaia,
5 harriak jaurtitzeko garaia
eta harriak biltzeko garaia,
besarkatzeko garaia
eta banantzeko garaia,
6 bilatzeko garaia
eta galtzeko garaia,
gordetzeko garaia
eta botatzeko garaia,
7 urratzeko garaia
eta josteko garaia,
isiltzeko garaia
eta mintzatzeko garaia,
8 maitatzeko garaia
eta gorrotatzeko garaia,
gudurako garaia
eta bakerako garaia.
Eginkizun bakoitzak bere tokia
9 Zer on eskuratzen dulan egiten duenak?
10 Begiratu diot
Jainkoak gizon-emakumeei
ezarri dien egitekoari,
horretan jardun dezaten.
11 Gauza guztiak egoki egin ditu,
bakoitza bere sasoian.
Haien esku utzi zuen mundua,
azter dezaten;
gizakiak, ordea, ezin ulertu
Jainkoak hasieratik bukaerara
egin dituenak.
12 Ikusi dut ez dela ezer hoberik
alai eta ongi bizitzea baino.
13 Jainkoaren emaitza baitu gizakiak
jan, edan eta bere lanaren etekinaz
gozatu ahal izatea.
14 Badakit, Jainkoak egin duen guztiak
beti iraungo duela.
Ezin diogu deus ere erantsi,
ez kendu;
Jainkoak horrelakoa egin baitu,
begirune izan diezaiogun.
15 Iragan zena
orain ere halaxe gertatzen da;
etorkizun dena
lehen ere gertatua da.
Joana behin eta berriro
egin ohi du Jainkoak.
Gizon-emakumeen bukaera
16 Ikusi dut mundu honetanbidegabekeria dagoela
zuzenbidearen ordez,
eta gaiztakeria
zuzentasunaren ordez.
17 Eta honela nioen neure baitan:
«Jainkoak epaituko ditu
zuzena eta gaiztoa,
gauza eta egintza guztiei
baitatorkie beren ordua* 3,17 Testu iluna; itzulpena ez da ziurra.».
18 Beste hau ere bururatu zitzaidan:
«Jainkoak probatu* 3,18 Jainkoak probatu: Testu iluna; itzulpena ez da ziurra.egin nahi ditu
gizon-emakumeak,
abereak bezalakoak direla
ikusarazteko».
19 Etorkizun bera dute
gizon-emakumeek zein abereek:
abereak hiltzen diren bezala
dira hiltzen gizon-emakumeak ere.
Arnasa bera dute denek hartzen.
Gizon-emakumeek ez dute deus ere
abereek baino gehiago,
eta dena huskeria da.
20 Toki berera doaz denak:
hautsetik datoz
eta hautsera itzuliko dira.
21 Ba al daki inork
gizon-emakumeen arnasa
gorantz igotzen den,
eta abereen arnasa, aldiz,
lur azpira jaisten den?
22 Ikusi dudanez,
ez du gizonak deus hoberik
bere egintzez gozatzea baino;
horixe du bere zoria.
Izan ere, nork ikusaraziko dio
ondoren zer gertatuko den?