1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12

Behin-behineko pozaldia

1 Neure baitan esan nuen:
«Ea bada, dasta dezadan alaitasuna,
goza dezadan bizipoza!»
Eta horra, dena huskeria da.
2 Irri egitea, zorakeria.
Alaitasuna, zertarako?
3 Neure burua ardoz alaitzea
erabaki nuen,
baina zuhurtasunez jokatuz;
zorakeria hori egin nuen,
harik eta ikus nezan arte
eguzkipean zer ote den hoberena
gizon-emakumeentzat,
berauen bizitzako egunetan.
4 Lan handiei ekin nien.
Jauregiak eraikiarazi nituen
eta mahastiak landatu.
5 Lorategiak eta baratzeak
atondu nituen,
mota orotako zuhaitzak sartuz.
6 Urtegiak egin nituen,
zuhaitz gaztez eginiko basoa
ureztatzeko.
7 Esklaboak erosi nituen,
gizaseme nahiz emakume,
eta hauen seme-alabak ere
neuretzat izan nituen.
8 Zilar eta urre ugari metatu nuen,
baita zenbait erregeren
eta eskualdetako ondasunak ere.
Gizon-emakume kantariz
inguratu nintzen,
eta gizonak desira dezakeen
bezainbat emazteki izan nuen.
9 Handi egin nintzen,
Jerusalemen nire aurretik
izan direnak
baino handiago.
Gainera, neurekin nuen jakinduria.
10 Ez nien ukatu neure begiei
eskatzen zidatenik deus ere,
ezta neure bihotzari
pozik batere.
Nire lan guztietan
atsegin hartu nuen;
hauxe izan zen
nire lan guztien saria.
11 Begiratu nien, ordea,
neure eskuz eginiko lanei
eta horretarako
eraman behar izan nituen nekeei.
Eta horra, dena huskeria da,
haizea atzeman nahi izatea bezala;
ez dago onurarik eguzkipean.

Zertarako izan jakintsu?

12 Jakintsu ala ezjakin eta
ergel izan,
hausnartzen ari izan nintzen
hobea zer ote den.
Zer egingo ote du
erregearen ondoren datorrenak?
Lehen ere egina bera* 2,12 Hebreerazko testua iluna da; itzulpena ez da ziurra..
13 Hala ere, ikusi nuen
hobea dela jakinduria
ergelkeria baino,
argia ilunpea baino hobea
den bezala.
14 Izan ere, jakintsua buruargi;
ergela, ordea, ilunpetan dabil.
Badakit, hala ere,
biek etorkizun bera dutela.
15 Orduan, esan nuen neurekiko:
«Ergelak eta biok
etorkizun bera baldin badugu,
zertarako izan hain jakintsu?»
«Hori ere huskeria da»,
esan nuen neure baitan.
16 Ezen jakintsuaz oroitzea
ez baita betiko;
ergelaz ere ez dira beti oroituko;
hurrengo egunetan
guztiez dira ahaztuko.
Ai ene! Nahiz jakintsua nahiz ergela
biak berdin hiltzen dira.
17 Nazkatua nago bizitzeaz,
higuingarri dut
eguzkipean gertatzen dena;
huskeria da,
haizea atzeman nahi izatea bezala.

Heriotzak huts uzten gure asmoak

18 Gogaitua nago
eguzkipean egin ditudan
lan neketsuez,
neure ondorengoari utzi
behar izango baitizkiot.
19 Badakit nik bost,
zuhur ala tentel
izanen ote den.
Nik mundu honetan halako arretaz
egin dudan lanaz jabetuko da.
Ez du honek zentzurik!
20 Etsipenak hartua nago,
mundu honetan zenbat lan
egin dudan ikusirik.
21 Izan ere, eginahaletan ari da bat
zorrotz eta arretaz lan egiten,
emaitza onak lortzen,
eta dena,
inolako lanik egin ez duenari
utzi behar.
Hau bai dela huskeria
eta nardagarria!
22 Zer gelditzen zaio gizakiari
eguzkipean egin duen
hainbeste lan eta eginahaletatik?
23 Egunero atsekabea baizik ez du,
eta bere lanetan nekea;
gauez ere ez du atsedenik hartzen
haren bihotzak.
Hau bai dela huskeria!
24 Gizakiarentzat hoberena
jatea, edatea
eta bere lanaren fruituaz gozatzea.
Nik uste dut, hau ere
Jainkoaren eskutik datorrela;
25 izan ere, honela dio berak:
«Nork jan dezake,
nor goza daiteke nik jakin gabe?»
26 Berak, atsegin duenari
baitizkio ematen
jakinduria eta argitasuna
eta bozkarioa.
Bekatariari, ordea,
biltze- eta metatze-lana ematen dio,
gero Jainkoak atsegin duenari
utzi behar izateko.
Horra bada, hori ere
haizea atzeman nahi izatea
bezain hutsala.