Filistearrentzat

1 Jaunak mezu hau eman zion Jeremias profetari filistearrentzat, faraoiak Gazari eraso baino lehen* 47,1 filistearrak: Palestinaren hegoaldeko kostaldean kokaturik zeuden; Kretan zuten jatorria (ik. 4. tx.). // eraso baino lehen: Ez dakigu zein erasoz ari den; dena dela, ondoren iragartzen den erasoa iparraldetik dator, eta ez Egiptotik..
2 Honela dio Jaunak:
«Urak hazi egin dira iparraldean* 47,2 iparraldean: Ik. 1,14 oh.,
uholde oldartsu bihurtu:
herrialdea eta bertako guztia,
hiria eta bertan bizi direnak,
dena estaltzen dute.
Jendea oihuka dabil laguntza eske,
bizilagun guztiak garrasika,
3 zaldien lauoinka-hotsa,
guda-gurdien burrunba
eta gurpilen karranka entzutean.
Gurasoek ezin diete haurrei lagundu,
indarrik gabe daude eta.
4 Etorri baita eguna,
filistear guztiak suntsituko dituena,
Tiro eta Sidoni
defendatzaile bat ere
utziko ez diena.
Bai, suntsitu egingo ditu Jaunak
filistearrak,
Kreta uhartetik etorri zirenak.
5 Gazakoak burusoil daude dolutan,
Axkelongoak mutu.
Lautadan bizirik geldituok,
noiz arte
urratuko dituzue gorputzak?* 47,5 Tx.ean adierazitakoak dolu-zeinuak dira (ik. 41,5 oh.).
6 Hau esango dute:
“Ai Jaunaren ezpata!
Noiz hartu behar duzu atseden?
Bildu zorrora, zaude, gelditu!”
7 Baina nola hartu atseden,
Jaunak agindu badio?
Axkelonen eta kostaldean,
hor behar du bere egitekoa bete!»