Erbesteratuak itzuli

1 Jaunak dio: «Garai hartan Israelgo leinu guztien Jainko izango naiz eta haiek nire herri izango dira». 2 Honela dio Jaunak:
«Basamortuan azaldu diot
neure onginahia
heriotzatik ihes egin duen herriari:
bere atseden-bidean da Israel.
3 Urrutitik agertu natzaio* 31,3 agertu natzaio: Grekozko itzulpenaren arabera; hebreerazkoak azaldu zait Jauna dio.
eta esan diot:
Maite zaitut, betidanik maite,
horregatik natzaizu etengabe leial.
4 Berriro eraikiko zaitut,
eta sendo iraungo duzu,
Israel neskatxa eder* 31,4 Israel neskatxa eder: H.h., Israel neskatxa (birjina); ik. 14,17 oh..
Danbolina eskuan
aterako zara berriro
festazaleekin dantzara.
5 Landatuko dituzu berriro mahastiak
Samariako mendietan;
landatu dituztenak
gozatuko dira fruituez.
6 Bai, badator eguna,
Efraimgo mendialdean* 31,6 Efraimgo mendialdea: Jerusalemdik iparraldera dagoen paraje menditsua da.
zaintzaileek oihu egingo dutena:
“Ea, igo gaitezen Sionera,
goazen Jaunarengana,
geure Jainkoarengana”».
7 Honela dio Jaunak:
«Kanta pozez
Jakoben herriarengatik,
egin irrintzi
nazioen buru denarengatik!
Egin oihu, goretsi Jauna, esanez:
“Salbatu du Jaunak bere herria* 31,7 Salbatu… herria: Grekozko itzulpenaren arabera; hebreerazkoak Salbatu, Jauna, zeure herria dio.,
Israelen bizirik geldituak”.
8 Begira! Iparraldetik ekarriko ditut,
lurreko azken mugetatik bilduko.
Jendetza izugarria itzuliko da:
itsuak eta herrenak ere bai,
haurdun
eta haurra izan berriekin batera.
9 Negar eta damu-otoitz artean* 31,9 Negar… artean: Dagoen-dagoenean, testua harrigarri samarra da; grekozko itzulpenak honela zuzendu du: Negarrez joan ziren, pozez ekarriko ditut (ik. Sal 126,5-6).
ekarriko ditut.
Ongi ureztaturiko ibarretara
eramango ditut,
estropezurik egingo ez duten
bide zelaitik.
Aita izango naiz Israelentzat,
nire lehen-seme izango da bera.

Negarra poz bihurtuko

10 «Entzun, herriok, Jaunaren hitza,
iragarri urrutiko kostaldeetan:
“Sakabanatu zuenak berak
biltzen du orain Israel
eta artzainak artaldea bezala
zaintzen”.
11 Jaunak bere herria askatu du,
berreskuratu,
indartsuagoaren eskutik libratu.
12 Poz-oihuka etorriko dira
Sion mendira,
bizi-bizi helduko
Jaunaren ondasunetara:
ogi, ardo eta oliotara,
artalde eta behi-taldeetara.
Baratze ureztatua bezala
biziberrituko dira,
ez ditu gehiago ahuleziak joko.
13 Neskek pozik egingo dute dantzan
mutil eta agureekin.
Haien dolua
alaitasun bihurtuko dut,
atsekabearen ondoren
kontsolatu eta alaituko.
14 Haragi guriz
janarituko ditut apaizak,
nire ondasunez aseko da herria.
Nik, Jaunak, esana».

Jainkoa errukior Israelekin

15 Honela dio Jaunak:
«Entzun!
Aieneak eta negar samina Raman!
Rakel* 31,15 Rakel: Jakoben emaztea, Jose eta Benjaminen ama; haren hilobia Raman zegoen (1 Sm 10,2), Jerusalemdik iparraldera, 8 km ingurura.ari da
bere haurrengatik negarrez:
ez du kontsolatu nahi,
ez baitira bizi».
16 Baina Jaunak hau diotso:
«Aski! Ez gehiago negarrik,
ez begietan malkorik,
zure nekeak izango baitu saria:
itzuliko dira zure seme-alabak
etsaiaren herrialdetik.
Hala diot nik, Jaunak.
17 Baduzu itxaropenik etorkizunerako:
zure seme-alabak
aberrira itzuliko dira.
Hala diot nik, Jaunak.
18 Entzuten ari naiz Efraimen* 31,18 Efraim: Ipar Erresumako leinurik inportanteena izanik, askotan, hemen bezala, erresuma osoa adierazten du.kexak:
“Hezigabeko zekorra bezala
zentzatu nauzu,
eta nik eskarmentua hartu.
Orain, itzularaz nazazu zeuregana,
zu baitzaitut Jauna, neure Jainkoa.
19 Urrundu egin naiz zuregandik,
baina ondo damuturik nago;
neure erruez oharturik,
bular-joka ari naiz.
Zer lotsa eta desohorea
neure gaztaro gaitzesgarriagatik!”
20 «Hain seme kutun da Efraim niretzat,
hain ume atsegingarri!
Hainbeste zeresan
eman didan arren,
ezin dut inola ere burutik kendu;
dardaraz dago nire barrua,
harenganako errukiz gainezka.
Hala diot nik, Jaunak.
21 «Ipini seinaleak bide-erakusgarri,
begira ongi nondik zoazen:
itzuli, Israel neskatxa eder* 31,21 Israel neskatxa eder: Ik. 31,4 oh.,
itzuli zeure hirietara.
22 Noiz arte ibili behar duzu
inguru-minguru,
alaba bide-galdu horrek?
Hona nik, Jaunak,
zerbait berria sortu:
emakumea
gizonezkoa gorteiatzen* 31,22 emakumea gizonezkoa gorteiatzen: H.h., emakumea gizonezkoa inguratzen; esaldi misteriotsua; seguruen, herriaren jarrera-aldaketa adierazten du: aurrerantzean egiaz Jauna bilatzen ahaleginduko da.».

Jainkoaren herria berreraiki

23 Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, dio: «Neure herriaren zoria aldatuko dudanean, Judan eta bertako hirietan hauxe esango da berriro:
“Jaunak bedeinka zaitzala,
justiziaren barruti,
mendi santu hori!”
24 «Orduan, elkarturik biziko dira Juda osoan nekazariak eta larrez larre dabiltzan abeltzainak. 25 Bihotz-eroriak biziberrituko ditut, ahuleziak jotakoak indarrez beteko». 26 Orduan, iratzarri eta ulertu nuen. Atsegin izan zitzaidan ametsa.* 31,26 Profetaren hitzak dira. Judaren etorkizun zoriontsuaren agerpena –ametsetan hartua nahiz ametsak egiaztatzen dituena– atsegingarri zaio. 27 Jaunak dio: «Begira, badator Israelen eta Judan giza hazia eta abere-hazia ereingo dudan garaia. 28 Haiek erauzi eta irauli, eraitsi, hondatu eta porrokatzeko erne egon nintzen bezala, erne egongo naiz haiek eraiki eta landatzeko ere. 29 Orduan, ez da errepikatuko esaera hura: “Gurasoek mahats gordina jan, eta semeek hozkia”. 30 Beste hau esango da: “Mahats gordina jaten duenak berak izango du hozkia, nor bere bekatuagatik hilko da”».

Itun berria

31 Jaunak dio: «Begira, badator Israel herriarekin eta Juda herriarekin itun berria egingo dudan garaia. 32 Itun hau ez da izango, Egiptotik ateratzeko eskutik hartu nituenean, beraien arbasoekin egin nuena bezalakoa. Haiek bai, hautsi egin zuten nire ituna, baina nik mantendu* 31,32 baina nik mantendu: Testua ez da batere argia. Honela ere itzuli ohi da: eta ni haien nagusia izan nintzen.. Hala diot nik, Jaunak. 33 Hona hemen etorkizunean Israelekin egingo dudan ituna: Barruan ezarriko diet neure legea, bihotzean idatziko; ni beraien Jainko izango naiz eta haiek nire herri. Hala diot nik, Jaunak. 34 Ez dute elkarri irakatsi beharrik izango, “Ezagutu Jauna” esanez, guzti-guztiek, txiki nahiz handi, ezagutuko bainaute. Barkatu egiten baitiet beren gaiztakeria, beraien bekatua ez dut gehiago gogoratuko. Nik, Jaunak, esana».

Leiala da Jainkoa bere agintzarietan

35 Jaunak ezarri du eguzkia
eguna argitzeko,
ilargia eta izarrak
gaua argitzeko;
hark itsasoa astindu
eta olatuek orro dagite.
Jaun ahalguztiduna, hori du izena!
36 Honela dio Jaunak:
«Nik ezarritako lege hauek
inoiz huts egingo ez duten bezala,
Israel herriak ere ez du huts egingo,
betiko iraungo du nire aurrean.
37 Inork goiko zerua neurtzea
lortzen badu,
edo lurraren zimenduak aztertzea,
nik ere baztertu egingo dut
Israel herria
egin duen guztiagatik.
Nik, Jaunak, esana».
38 Jaunak dio: «Begira, badator nire hiria Hananeelen dorretik kantoiko ateraino* 31,38 Hananeelen dorrea: Ik. Ne 3,1; ez dakigu non zegoen; agian, harresiaren iparraldean. // kantoiko atea: Ipar-mendebaldera zegoen (ik. 2 Erg 14,13).berriro eraikiko duten garaia. 39 Hemendik Gareb muinorantz zuzen zabalduko da hiria, gero Goa* 31,39 Gareb, Goa: Ezezagunak ditugu.aldera biratuz. 40 Gorpuak erre eta errautsak zabaltzen direneko haran* 31,40 harana: Ik. 2,23 oh. eta 7,31. // errautsak: Oparigaien gantzenak dira (ik. Lb 4,12 eta oh.).osoa eta Zedron erreka inguruko landa, ekialderantz dagoen Zaldien Atearen izkinaraino, niri sagaraturiko esparru izango da. Ez dute sekula erauziko, ez hondatuko».