Bi saskikada-piku, bi patu

1 Jaunak bi saskikada-piku erakutsi zizkidan, tenplu aurrean ezarriak. Ordurako, Babiloniako errege Nabukodonosorrek Babiloniara eramanak zituen Joiakimen seme Jekonias* 24,1 Jekonias: Ik. 22,24 eta oh.Judako erregea, Judako buruzagiak, artisauak eta errementariak. 2 Saski bateko pikuak oso onak ziren, uztako hoberenak; bestekoak, aldiz, oso txarrak, janezinak izateraino hondatuak. 3 Jaunak galdetu zidan: –Zer ikusten duzu, Jeremias? Nik erantzun: –Pikuak: onak benetan aukerakoak dira; txarrak, aldiz, guztiz txarrak, janezinak izateraino hondatuak. 4 Orduan, Jaunak bere mezua adierazi zidan: 5 «Atsegin da piku on hauek ikustea, ezta? Bada, halaxe, begi onez ikusten ditut babiloniarren lurraldera jaurti ditudan Judako erbesteratuak. 6 Nire begiak haiengan jarri ditut on egiteko: herrialde honetara itzularaziko ditut, eraiki egingo ditut eta ez eraitsi, landatu eta ez erauzi. 7 Adimena emango diet ni Jauna naizela ezagut dezaten; nire herri izango ditut eta ni beren Jainko izango naute, bihotz osoz itzuliko baitira niregana. 8 «Sedekias, Judako erregea, buruzagiak eta herrialde honetan gelditu diren Jerusalemgo bizilagunak eta Egipton bizi direnak* 24,8 Nabukodonosorrek Joiakin erregea eta Jerusalemgo jende asko Babiloniara erbesteratu zuenean, Sedekias bihurtu zen herrialdean gelditutakoen errege (ik. 2 Erg 24,10-17); beste batzuek, berriz, Egiptora alde egin zuten babiloniarren erasotik ihesi., berriz, piku txar eta janezinak izateraino hondatutako horiek bezala hartuko ditut. 9 Izugarrizko eskarmentu izango dira munduko erreinu guztientzat; lotsaizun eta iseka-gai izango dira, koplak aterako dizkiete eta madarikatu egingo jaurtiko ditudan toki guztietan. 10 Gerra, gosea eta izurria bidaliko dizkiet, beraiei eta beraien gurasoei eman nien lurraldetik suntsitu arte».