Artzain agintariei

1 Hau dio Jaunak: «Zoritxarrekoak nire larreko artaldea sakabanatzen eta galtzen uzten duten artzainak!» 2 Beraz, hau diotse Jaunak, Israelgo Jainkoak, herria gidatzen duten artzainei: «Zeuek sakabanatu eta jaurti dituzue nire ardiak eta ez zarete haietaz arduratu. Bada, kontuak eskatuko dizkizuet zeuen jokaera txarrarengatik. Hala diot nik, Jaunak. 3 Neuk bilduko ditut bizirik geldituriko neure ardiak, sakabanatu nituen herrialde guztietatik. Beren larreetara ekarriko ditut berriro, hazi egingo dira eta erruz ugalduko. 4 Ongi zainduko dituzten artzainak ezarriko dizkiet, inoiz ere beldur eta izu ez daitezen eta bat ere gal ez dadin. Nik, Jaunak, esana».
5 Jaunak dio:
«Begira, badator garaia,
Davidi legezko ondorengoa
ernearaziko diodana* 23,5 Davidi… diodana: H.h., Davidi legezko ernamuina sorraraziko diodana; ik. Za 3,8 eta oh. Jaunak Davidi egindako agintzaria aipatzen da (ik. 2 Sm 7,5-16)..
Zentzuz gobernatuko duen
erregea izango da,
eta zuzenbidea eta justizia
ezarriko ditu herrialdean.
6 Haren erregealdian
Juda salbatua izango da,
Israel seguru biziko.
“Jauna gure salbamena”
emango diote izen».
7 Jaunak dio: «Garai berria dator. Garai horretan, jendeak ez du honela zin egingo: “Ala Jauna, israeldarrak Egiptotik atera zituena!”; 8 baizik eta beste era honetan: “Ala Jauna, israeldarrak iparraldetik eta sakabanatu zituen herrialde guztietatik atera eta beraien lurraldera bizitzera ekarri dituena!”»

Profeten aurka

9 Profetei buruz* 23,9 Profetei buruz: Jatorrizko testuak 23,9-40 atalaren buruan titulu gisa jartzen dituen hitzak. Atala Jeremiasek garai ezberdinetan adierazitako mezuen bilduma da..
Lehertzen daukat bihotza barnean,
hezurretaraino dagit dardara.
Mozkor baten antzera sentitzen naiz,
ardoak menderatutakoaren antzera,
Jaunarengatik
eta beronen hitz santuarengatik.
10 Adulteriogilez betea baitago
herrialdea,
jende guztia
gaiztakeriara doa lasterka,
okerkerian galtzen dituzte indarrak.
Horregatik, doluz dago lurra,
madarikaziopean lurraldea,
lehor landako larreak.
11 Jaunak dio:
«Apaiz eta profetak ere
fedegabe bihurtu dira,
neure tenpluan bertan ere
aurkitu ditut
horien gaiztakerien aztarnak.
12 Horregatik,
beraien bidea labainkor egingo dut:
ilunpera bultzatuak,
bertan eroriko dira.
Zoritxarra bidaliko diet gainera
kontuak hartzeko egunean.
Hala diot nik, Jaunak.
13 «Samariako* 23,13 Samaria: Ipar Erresumako hiriburua; K.a. 721ean suntsitu zuten asiriarrek.profeten artean
zentzugabekeria ikusi dut:
Baalen izenean hitz egiten dute
eta nire herri Israel desbideratzen.
14 Jerusalemgo profeten artean, ordea,
higuingarritasunak ikusi ditut:
adulterioan eta gezurretan bizi dira,
gaizkileak berenean
indartzen dituzte,
gaiztakeriatik bihur ez daitezen.
Niretzat, bai profetak,
bai Jerusalemgo bizilagunak
Sodoma eta Gomorraren* 23,14 Sodoma eta Gomorra: Ik. Is 1,9 eta oh.pareko
bihurtu dira».
15 Horregatik, hau dio Jaun ahalguztidunak profeten aurka:
«Belarmina emango diet jateko,
ur pozoitua edateko,
Jerusalemgo profetengandik
zabaldu baita
fedegabekeria lurralde guztira».
16 Hau dio Jaun ahalguztidunak:
«Israeldarrok, ez egin jaramonik
profeta hauen hitzari,
amets hutsalez
betetzen baitizuete burua.
Beraien kasketako irudipenak
azaltzen dizkizuete
eta ez nik agindutakoak.
17 Hauxe diotse
mespretxatzen nautenei:
“Jaunak dio:
Dena ongi joango zaizue”;
eta beren joera gaiztoei
setati jarraitzen dietenei:
“Ez zaizue okerrik gertatuko”.
18 Baina horietatik nork ezagutu du
nire asmo gordea?
Nork ikusi du,
nork entzun nire hitza?
Nork egin dio arreta,
nork jaramon?»
19 Hara, ekaitza bezala lehertu da
Jaunaren haserrea,
haize-erauntsiak bezala astintzen du,
zurrunbiloka dabil
errudunen buru gainean.
20 Jaunaren haserrea ez da baretuko
hartu duen erabakia burutu arte.
Egunen batean
jabetuko zarete, bai, horretaz.
21 Jaunak dio:
«Ez ditut nik bidali profeta horiek,
eta, hala ere, lasterka doaz;
ez diet nik hitzik esan,
eta, hala ere,
nire izenean ari dira hitz egiten.
22 Ezagutu izan balute
nire asmo gordea,
nire hitzak
iragarriko zizkioketen herriari,
beraren bide okerretik
itzularaziko zuketen,
beraren egintza txarretatik».
23 Jaunak dio:
«Gertutik bakarrik ikusten duen
Jainkoa ote naiz?
Ez ote naiz, bada,
urrutitik ikusteko gauza?
24 Norbait ezkuturik ezkutuenean
gordeta ere,
ez ote dut nik ikusiko?
Ez al dakizue, bada,
zeru-lurrak betetzen ditudala?
Hala diot nik, Jaunak.
25 «Entzun dut nire izenean gezurrak iragartzen dituzten profeta horiek esaten dutena: “Ametsa izan dut, ametsa izan dut”. 26 Noiz arte horrela? Zer dute buruan profeta horiek, gezurra eta beren burutazio hutsalak iragartzeko? 27 Elkarri kontatzen dizkioten ametsez, nire herria nitaz ahaztera bultzatu dute, beraien arbasoek, Baalengana joz, ahaztu ninduten bezala.
28 «Ametsa duen profetak
adieraz beza amets bezala;
nire hitza hartu duenak, berriz,
iragar beza zehatz-mehatz.
Ez nahastu lastoa alearekin!
29 Nire hitza sua bezala da,
harkaitza txikitzen duen
mailua bezala.
Hala diot nik, Jaunak.
30 «Horregatik, hona hemen ni, nire hitzak elkarri lapurtzen dizkioten profeten kontra. Hala diot nik, Jaunak. 31 Hona hemen ni, mihiari eragin eta iragarpenak botatzen diharduten profeten kontra. 32 Hona hemen ni, gezurrezko ametsen zale diren profeten kontra; ametsak kontatuz, desbideratu egiten dute nire herria beren gezur eta neurrigabekeriez. Ez ditut nik bidali, ez diet nik ezer agindu. Horregatik, ez diote inolako onik egiten herri honi. Nik, Jaunak, esana». 33 Jaunak esan zion Jeremiasi: «Jendeak edo profeta nahiz apaizen batek, “Jaunaren mezua (zama)* 23,33 Jaunaren mezua (zama): 23,33-40 pasarte osoa hitz-joko baten gainean eraikia dago: mezu/zama, bi esanahiak eduki baititzake profetak erabiltzen duen hitzak.” zein den galdetzen badizu, erantzun honela: “Zeuek zarete zama, eta Jaunak jaurti egingo zaituzte”. 34 Eta apaiz edo profeta nahiz herrikoren batek “Jaunaren mezua (zama)” esaten badu, zigortu egingo ditut bera eta bere etxekoak. 35 Zeuen artean hitz egitean, esan honela elkarri: “Zer erantzun du Jaunak? Zer iragarri?” 36 Ez aipatu berriro “Jaunaren mezua (zama)”; bestela, hitz horiek izango dira zama, erabiltzen dituenarentzat. Izan ere, aldrebes ulertu dituzue zuek Jainko bizi, Jaun ahalguztidun eta Israelgo Jainkoaren hitzak. 37 «Honela esango diozu profetari: “Zer erantzun dizu Jaunak? Zer iragarri?” 38 Baina, aipatzea debekatu nizuen “Jaunaren mezua (zama)” esaka jarraitzen baduzue, 39 hara nik esan: Zama bezala jaso eta neuregandik urrun jaurtiko zaituztet zuek eta zuen gurasoei eman nien hiria. 40 Eta zuen gain botako ditudan lotsa eta desohorea sekulakoak izango dira, inoiz ere ahaztezinak».