1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
32
33
34
35
36
37
38
39
40
41
42
43
44
45
46
47
48
49
50
51
52
Lehorte handia
1 Lehortea zela eta, honela mintzatu zitzaion Jauna Jeremiasi:2 «Dolutan dago Juda herrialdea,
hiltzear bertako hiriak,
goibel, lur jota jendea,
garrasika Jerusalem hiriburua.
3 Aberatsek ur bila
bidaltzen dituzte morroiak:
badoaz putzuetara, baina urik ez,
eta ontziak hutsik itzuli behar,
lotsaz gorri eta burumakur.
4 Nekazariak etsita,
burumakur dabiltza,
lurra arraildua baitago, euri faltaz.
5 Basahuntzak landetan,
umea egin
eta bertan behera utzi behar,
larrerik ez dagoelako.
6 Basastoak ere geldi daude mendian,
txakalak bezala aireari usnaka,
begiak ilun, larrerik ez dagoelako».
7 Jendeak oihu dagi:
«Geure bekatuek
salatzen bagaituzte ere,
ekin, Jauna, zeu zarena zarelako!
Asko dira gure errebeldiak,
zure aurka egin dugu bekatu.
8 Baina zu zara Israelen itxarobidea,
larrialdietan salbatzen gaituena.
Zergatik duzu
arrotzen portaera gure artean,
gau baterako baizik gelditzen ez den
bidaiariarena?
9 Zergatik zabiltza ezkutuka
gizon izutuaren antzera,
garaipena lortzeko gauza ez den
gudaria bezala?
Baina ez,
zu gure artean zaitugu, Jauna!
Zuretzat sagaraturiko herri gara:
ez gaitzazula utz zapuzturik!» 10 Honela dio Jaunak herri honi buruz: «Maite du honek harat-honat ibiltzea, ez ditu oinak lotzen. Ez dut gogoko. Gogora dakart honen jokaera gaiztoa, eta zigortu egingo dut bere bekatuengatik». 11 Esan zidan Jaunak: «Ez erregutu herri honen alde. 12 Barau egiten badute ere, ez dut entzungo horien deiadarrik. Erre-opariak eta labore-opariak eskaintzen badituzte ere, ez ditut onartuko, baizik eta gerraz, gosez eta izurriz joko ditut». 13 Erantzun nion: «Ai ene, Jainko Jauna! Baina ez duela ez gerrarik, ez goserik izango ari zaizkio esaten profetak, eta toki honetan egiazko bakea emango diozula». 14 Eta Jaunak erantzun zidan: «Nire izenean gezurra ari dira esaten profetak. Ez dira nik bidaliak; ez diet ezer agindu, ez hitz egin ere. Gezurrezko ikuskari, iragarpen zoro, beraien burutazio huts dira profeta horiek iragartzen dituztenak. 15 Horregatik, hara nik, Jaunak, esan: Nik bidali gabe nire izenean mintzo diren eta herrialde honetan gerrarik eta goserik ez dela izango esaten ari diren profetak, gerraz eta goseak hilko dira. 16 Eta horien hitza entzun duen jendea Jerusalemgo kaleetan eroriko da hilotzik gerraren eta gosearen ondorioz, eta ez da izango beroriei, ez berorien emazte eta seme-alabei lurra emango dienik. Horrela ordainduko diet beren gaiztakeria».
Jeremiasen negarra
17 Hitz hauek herriari esateko aginduzidan Jaunak:
«Urtzen ari zaizkit begiak negarrez,
gau eta egun atergabe;
nire herria, neskatxa ederra* 14,17 nire herria, neskatxa ederra: H.h., neskatxa, ene herriko alaba; ik. 4,11 oh.,
izugarrizko ezbeharrak jo baitu,
eta hilzorian utzi.
18 Landara irten,
eta ezpataz hildakoak edonon;
hirira sartu,
eta jendea goseak hiltzen.
Apaizak eta profetak
batetik bestera dabiltza,
ezer ulertu ezinik.
Herriaren erregua
19 «Jauna, erabat utzi al duzu Juda?Nazkatu egin al zara Sion hiriaz?
Zergatik jo gaituzu
sendaezineko gaitzaz?
Bakearen zain geunden,
baina ez dugu onik.
Osasunaldia espero genuen,
baina beldur-ikara dugu gainean.
20 Aitortzen dugu, Jauna,
geure gaiztakeria
eta geure arbasoen errua;
zure aurka egin dugu bekatu.
21 Zeu zarena zarelako,
ez gaitzazu utz,
ez mespretxatu zeure herria,
bere errege ospetsu zaituena* 14,21 bere errege ospetsu zaituena: H.h., zure aintzaren tronua; Jaunaren tronu aintzatsua itun-kutxa da; baita kutxa bere baitan duen tenplua eta Jerusalem hiri aukeratu osoa ere (ik. 3,17 oh.)..
Gogora ezazu
gurekin egina duzun ituna,
ez hautsi, mesedez.
22 Jentilen idoloek ezin dute
euririk eman,
ezta zeruek ere berenez
hodei-zaparradarik sortu.
Zuk egiten dituzu horiek guztiak!
Ez al zaitugu, bada, zu, Jauna,
geure Jainkoa?
Zu zaitugu geure itxaropen!»