Lihozko gerrikoaren ikasbidea

1 Jaunak esan zidan: «Zoaz lihozko gerriko bat erostera eta jantzi gerrian, baina ez garbitu uretan». 2 Erosi nuen, bada, gerrikoa, Jaunak esan bezala, eta jantzi. 3 Berriro hitz egin zidan Jaunak: 4 «Hartzazu, erosi eta jantzia duzun gerrikoa. Zoaz Eufrates ibaira* 13,4 Eufrates ibaia: Hebreeraz Perat, normalean Eufrates ibaia adierazten duen izena. Segur aski Fara errekastoa da hemen, Anatot-etik hurbil dagoena. Halere, Eufratesen aipamena adierazgarria da: Israel usteldu egin da, babiloniar idolatriak kutsaturik.eta gorde hango harkaitz-zulo batean». 5 Joan nintzen eta gorde nuen Jaunak agindutako tokian. 6 Handik denboraldi batera Jaunak esan zidan: «Zoaz Eufrates ibaira eta hartu han gordetzeko agindu nizun gerrikoa». 7 Joan nintzen ibaira, zulatu gordelekua eta atera nuen gerrikoa: erabat usteldua zegoen, ez zuen ezertarako balio. 8 Orduan, Jaunak hitz egin zidan 9 eta esan: «Horrelaxe gertaraziko dut ustel Judaren eta Jerusalemen harrokeria neurrigabea. 10 Herri gaizto honek ez ditu nire hitzak entzun nahi eta bere joera gaiztoei setati jarraitzen die. Jainko arrotzen ondoren dabil, horiek zerbitzatuz eta gurtuz. Horregatik, ezertarako balio ez duen gerriko honen pareko izango da. 11 Gerrikoa gizonaren gerriari lotzen zaion bezala nahi izan nituen Juda eta Israel herriak niri lotu, nire herri izan zitezen, nire ospe eta ohore; baina ezentzun egin zidaten».

Pitxer apurtuak

12 Jaunak, Israelgo Jainkoak, esan zidan: «Jeremias, esaiozu jendeari pitxerrak ardoz betetzeko direla. Ondotxo dakitela hori erantzungo dizute denek. 13 Orduan, herrialde honetan bizi diren guztiak ardoz beteko* 13,13 ardoz beteko: Ardoa herriaren aurkako Jaunaren haserre eta zigorraren irudi da; irudi hau maiz azaltzen da profetetan (ik. 25,15-16).ditudala esango diezu, erabat mozkortzeraino: Daviden tronuan esertzen diren erregeak, apaizak, profetak eta Jerusalemgo bizilagun guztiak. 14 Ondoren, apurtu egingo ditut bata bestearen kontra: gurasoak eta seme-alabak, denak batera. Ez dut errukirik izango, ez barkamenik, ez gupidarik: guztiak suntsituko ditut. Nik, Jaunak, esana».

Entzun berandu baino lehen

15 Israeldarrok, entzun arretaz
Jaunak esaten dizuena,
eta ez izan harro.
16 Ohoratu Jauna, zeuen Jainkoa,
berak iluna bidali baino lehen,
mendian, gaua iristean,
estropezuka hasi baino lehen,
itxaro duzuen argia
ilunpe beltz bihurtu baino lehen.
17 Entzun nahi ez badidazue,
negarrari emango diot isilean
zuen harrokeriagatik.
Nire begiak malkotan urtuko dira,
Jaunaren herria* 13,17 herria: H.h., artaldea.
gatibu eraman dezatenean.

Jerusalem oinazetan bere aldaezineko txarkeriagatik

18 Jaunak esan zidan:
«Esan erregeari
eta erregina amari* 13,18 erregea eta erregina ama: Joiakin eta beronen ama; Joiakin K.a. 598ko abendutik hurrengo urteko martxo arte izan zen Judako errege. Aginpide handia zuen erregina amak, batez ere semea gaztea zenean (ik. 1 Erg 2,19).:
Eser zaitezte lurrean,
erori baita zuen burutik
errege-koroa preziatua.
19 Negeveko hiriak setiatuak daude,
ezin ditu inork ere askatu.
Juda osoa erbestera doa,
oso-osorik atzerrira».
20 Jaso begiak, Jerusalem!
Ikusi etsaia iparraldetik etortzen.
Non da nik eman nizun herria,
harrotzeko bide zenuen artaldea?
21 Eta zer esango duzu, Jerusalem,
adiskidetzat eduki ohi dituzunek
beren agintea ezartzean
eta zu menderatzean?
Oinaze bizitan aurkituko zara,
emakumea erdiminetan bezala.
22 «Zergatik gertatzen zait hau?»
galdetuko duzu.
Jakin,
zeure bekatu kontaezinengatik dela.
Horregatik biluztu zaituzte
eta indarrez bortxatu!
23 Alda ote dezake beltzak* 13,23 beltzak: H.h., kuxitak, hau da, etiopiarrak.
azalaren kolorea?
Edo lehoinabarrak
bere larru pikardatua?
Ezta zuek ere:
txarrean ohituak, ezin onik egin.
24 Jaunak dio:
«Basamortuko haizeak daraman
lastoa bezala
sakabanatuko zaituztet.
25 Hori da zure zoria, Israel,
nire aldetik merezia duzuna,
ni ahaztu
eta sasijainkoez fidatu zarelako.
26 Nik ere biluztu egingo zaitut,
zure lotsariak bistan jarriko.
27 Zure adulterioak, irrintziak,
prostituzio lotsagabea!
Muinoetan eta landa zabalean
ikusi ditut
zure egintza higuingarriak!
Zure zorigaitza, Jerusalem,
ez baituzu garbi izan nahi!
Noiz arte horrela?»