1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
32
33
34
35
36
37
38
39
40
41
42
43
44
45
46
47
48
49
50
51
52
Jeremias Jaunarekin kexu
1 Nolatan hasi zurekin auzitan?Zuzenegia zara zu, Jauna.
Hala ere,
arazo bat nahi nizuke proposatu:
zergatik du arrakasta
gaiztoen jokabideak?
Nola bizi daitezke lasai
azpisuge maltzurrak?
2 Zuk landatu
eta haiek sustraiak bota,
hazi eta fruitua ematen dute.
Haien ezpainetan zaude, bai;
ez, ordea, bihotzetan.
3 Baina zuk, Jauna,
ongi ezagutzen nauzu,
aztertu nauzu eta badakizu
egiaz nagoela zurekin.
Jar itzazu aparte gaiztoak,
hiltzeko ardiak bezala,
gorde itzazu sarraski-egunerako!
4 Noiz arte segitu behar du
lurraldeak dolutan,
landako belarrak lehor?
Abere eta hegaztiak galtzen ari dira,
bertako bizilagunen
gaiztakeriagatik.
Honela baitiote:
«Ez ditu ezagutzen Jainkoak
gure ibilerak* 12,4 gure ibilerak: Grekozko itzulpenaren arabera; hebreerazkoak gure etorkizuna edo gure azkena dio.».
5 Jaunak erantzun zidan:
«Oinezkoekin lasterka
nekatzen bazara,
nola lehiatu nahi duzu
zaldizkoekin?
Lurralde lauan
seguru ez bazabiltza,
nola moldatuko zara
Jordan inguruko malkarretan?
6 Zeure etxekoek, zeure anaiek ere,
saldu egin zaituzte,
elkar hartu dute zuri erasotzeko.
Ez fidatu horiengan,
hitz gozoak esaten badizkizute ere».
Jaunak bere herria bertan behera utzi
7 Jaunak dio:«Utzi egin dut neure herria,
baztertu neure ondarea,
etsaien eskura eman
neure bihotzeko kutuna.
8 Nire ondare zen herri hau
basoko lehoia bezalako bihurtu zait:
orroka ari da nire aurka;
horregatik ez dut gehiago maite.
9 Nire ondare zen herri hau
kolorezko hegaztia bezalakoa da:
beste hegazti guztiak erasoka ditu.
Zatozte, piztia guztiak,
bil zaitezte hura irensteko!
10 Makina bat buruzagi etsaik
suntsitu du nire mahastia* 12,10 buruzagi: Ik. 2,8 oh. // mahastia: Ik. 2,21 oh.,
oinazpian zapaldu nire alorra,
basamortu bihurtu
nire alor zoragarria:
11 hondamendi, lugorri eta eremu.
Lurralde guztia hondamendi,
eta inori axola ez.
12 Basamortuko gordelekuetatik
datoz suntsitzaileak:
ezpata ari da Jaunaren aginduz,
ertz batetik bestera
lurraldea hondatzen;
inorentzat ez bakerik.
13 Nire herriak garia erein
eta arantzak bildu;
lan guztia alferrik egin du.
Zein uzta negargarria,
nire suminak bidalia!»