1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19
1 Munduaren mutur batetik besteraino hedatzen da indartsu
eta ezin hobeto gobernatzen du den-dena.

Ondasun desiragarri oro du jakinduriak

2 Gaztetandik maitatu eta bilatu izan dut jakinduria,
eta neure emazte egin nahi izan dut,
beraren edertasunaz maiteminduta.
3 Jainkoarekin duen elkar bizitzak
haren jatorri bikaina goraipatzen du,
gauza guztien Jaunak baitu maite.
4 Jainkoaren jakintzan partaide da
eta beraren egintzak aukeratzen ditu.
5 Aberastasuna desiragarria bada bizitzan,
zer, dena egiten duen jakinduria baino aberatsago?
6 Eta giza adimena kreatzaile bada,
ez ote are gehiago gauza guztien egilea?
7 Zuzentasuna maite duzula?
Bada, jakizu beraren fruitu direla bertuteak:
berak irakasten ditu neurritasuna eta zuhurtzia,
zuzentasuna eta sendotasuna* 8,7 neurritasuna eta zuhurtzia, zuzentasuna eta sendotasuna: Gero kristau-teologiak ardatz-bertute deituko dituen lau bertute hauen zerrenda oso zabaldua zegoen greziar filosofo moralisten artean.;
ezer ez da bizitzan hauek baino onuragarriago.
8 Esperientzia luzea irrikatzen duzula?
Bada, jakinduriak iragana ezagutzen du
eta etorkizuna asmatzen,
esaera zaharrak argitu eta enigmak ebazten ditu;
aurrez ezagutu ditu natura-zantzu eta gertaera harrigarriak* 8,8 natura-zantzu eta gertaera harrigarriak: Egiptoko Irteerako gertakariak adierazteko Ir eta Dt liburuetan maiz erabiltzen den mirari eta egintza harrigarri delako esamoldea bera da; hemen, ordea, naturako ezohiko fenomenoak –eklipseak, lurrikarak…– adierazten ditu.,
historiako aro eta garaien atarramentua.
9 Beraz, neure bizilaguntzat hartzea erabaki nuen,
bai bainekien aholku onak emango zizkidala,
eta kezka eta atsekabealdietan adorea.

Jakinduria zintzoaren bizilagunik onena

10 Esaten nuen neure baitan:
«Berari esker, ospea izango dut jendartean
eta, gazte naizen arren, begirunea herri-kontseiluan.
11 Epaietan dudan zorroztasunaz ohartuko dira
eta agintariek ere miretsiko naute* 8,11 Salomonen epai famatuak beraren menpekoen mirespena sortu zuen (ik. 1 Erg 3,16-28), eta beraren jakinduriaren ospea inguruko eta urrutiko erreinuetaraino iritsi zen (ik. 1 Erg 5,14 eta 10,1-13)..
12 Isilik banago, zain egongo zaizkit;
hitz egiten badut, adi-adi entzungo;
nire hitzaldia luzatzen bada, mutu geldituko mirespenez.
13 Berari esker hilezkortasuna izango dut
eta betiko oroitzapena utziko ondorengoei.
14 Herriak gobernatuko ditut, nazioak menderatuko.
15 Nire izena entzuteaz bakarrik
errege beldurgarriak ere izutu egingo dira;
ona izango naiz neure herriarentzat;
gerran, berriz, adoretsua.
16 Etxera itzultzean, beraren ondoan hartuko dut atseden,
harekiko harremanetan ez baita garraztasunik,
ezta atsekaberik ere harekin bizitzean,
atsegina eta poza baizik».

Jakinduria Jainkoaren dohaina

17 Gogoeta hauek neure baitan eginez ulertu nuen
jakinduriarekin ahaidetzeak hilezkortasuna dakarrela,
18 beraren adiskide izateak gozamen betea,
berarekin jarduteak aberastasun agorrezina,
harekin sarri egoteak zuhurtzia
eta berarekin mintzatzeak izen handia;
orduan, eginahalak egin nituen
jakinduria neureganatu nahian.
19 Izaera jatorreko gaztea nintzen
eta arima ona egokitu zitzaidan;
20 edo, hobeto esanda, ona nintzelako,
gorputz akats gabe batean sartu nintzen* 8,20 Badirudi autoreak pertsona arimarekin identifikatzen duela, eta lehentasuna –baita denborari dagokionean ere– arimari ematen diola gorputzaren kaltetan; pentsaera hau greziar filosofiatik hartua da..
21 Baina Jainkoak emanda ez bazen
ez nuela jakinduria neureganatuko jakinik
–eta dohain hori norengandik zetorren jakitea bera ere
bazen zuhurtziaren adierazgarri–,
Jainkoarengana itzuli eta erregutu egin nion.
Honela esan nion bihotz-bihotzez: