Gobernariei deia (6,1-21)
Entzun, erregeok
1 Entzun, beraz, erregeok, eta ulertu;ikasi, munduko bazter guztietako agintariok.
2 Jarri arreta, zuek, jendetza handiak gobernatzen dituzuenok
eta herri ugari menpean izateaz harrotzen zaretenok.
3 Jaunarengandik datorkizue boterea,
Goi-goikoarengandik agintea,
eta berak aztertuko ditu zuen egintzak
eta ikertuko zuen egitasmoak;
4 zeren eta haren erregetzaren ministro izanik,
ez baituzue zuzen epaitu, ez legea bete,
ezta jokatu ere Jainkoaren borondatearen arabera.
5 Bat-batean eta beldurgarriro aurkeztuko zaizue,
bereziki zorrotz epaitzen baititu goi-mailakoak:
6 txikienei errukia zor zaie,
ahaltsuak gogor izango dira zigortuak.
7 Gizaki guztien Jaunak ez du inoren aurrean atzera egiten,
handitasunak ez du kikiltzen;
handikia nahiz txikia berak egin zituen
eta era berean arduratzen da guztiez.
8 Halere, azterketa zorrotzagoa izango dute boterean daudenek.
9 Beraz, zuei, erregeoi, zuzentzen dizkizuet hitzok,
jakintsu izaten ikasi eta huts egin ez dezazuen.
10 Haren nahi santua zintzo betetzen dutenak
izango dira santutzat hartuak,
eta hartan ikasiek izango dute babeslerik.
11 Beraz, izan nire hitzen egarri,
bila itzazue irrikaz eta hartuko duzue heziketa.
Jakinduriak erregetzara darama
12 Argitsua da jakinduria, itzalezina haren distira.Nekerik gabe ikusten dute maite dutenek,
baita aurkitzen ere bilatzen dutenek.
13 Beraren irrikaz daudenei
aurrea hartzen die eta bere burua ezagutarazten.
14 Haren bila goiz-goizetik doanak ez du nekatu beharrik izango,
ate ondoan aurkituko baitu eseria.
15 Zuhurtziarik handiena da hartaz gogoeta egitea,
hargatik gauak beilan ematen dituena
laster izango da kezkarik gabe,
16 zeren eta jakinduria bera ibiltzen baita harat-honat
beraren duin direnen bila;
onginahiz agertzen zaie bidean
eta beren gogoeta bakoitzean aurkezten.
17 Jakinduriaren hasiera haren irakaspenaren egarrian datza;
18 heziketaz arduratzea hura maitatzea da;
hura maitatzea beraren legeak gordetzea;
haren legeak betetzea hilezkortasuna ziurtatzea,
19 eta hilezkortasunak Jainkoarengana hurbilarazten du.
20 Honela, jakinduriaren egarriak erregetzara darama* 6,20 erregetzara darama: 17. tx.ean hasitako argudiatzearen gailurra da –esaldiak bata bestearekin kateaturik emanak daude–; hemen erregetza Jainkoaren zeruko erregetza da; halere, zati hau 6,1 tx.etik hasita, erregeei zuzendua dago, eta hurrengo tx.ak bi erregetzak, lurrekoa eta zerukoa, elkarrekin lotzen ditu..
21 Beraz, zuek, herrietako erregeok,
errege-aulki eta aginte-makilak atsegin badituzue,
ohoratu jakinduria, eta betiko izango zarete errege.
JAKINDURIAREN GORAIPAMENA (6,22–9,18)
Salomonen hitzaldia (6,22–8,21)
Sarrera
22 Baina zer da jakinduria eta non du jatorria?Azalduko dizuet, ezer ezkutuan utzi gabe.
Bere izatearen hasieraraino* 6,22 ezer ezkutuan utzi gabe: H.h., zuei misterioak ezkutatu gabe; agian, autoreak misterio-erlijioak ditu gogoan: hauetan irakaspena gutxi batzuentzat besterik ez zen; berak, ordea, jakinduriaren ezkutukoak argi eta denei azaltzeko asmoa adierazten du. // Bere izatearen hasieraraino: Honela ere uler daiteke: Kreazioaren hasieraraino.jo
eta argi eta garbi ezagutaraziko dut;
ez naiz, ez, egiatik desbideratuko.
23 Ez dut horretan inbidia zitalez jokatuko,
honek ez baitu zerikusirik jakinduriarekin.
24 Jakitun-ugaritasuna munduarentzat osasun,
eta errege zuhurra herriarentzat ongizate.
25 Beraz, onar ezazue nire irakaspena
eta izango duzue probetxurik.