← Aurrekoa Jakinduria 17 Hurrengoa →
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19

Ilunpeen izurritea eta su-adarra

Ilunpea egiptoarrentzat
1 Handiak eta azalgaitzak dira zure erabakiak;
horregatik desbideratu izan dira hezigabeak.
2 Gaizkileek nazio santua menderatua zutela uste zuten,
baina ilunpeetan preso eta gau luzean harrapaturik zeuden,
beren etxeetan sartuta, zure betiko probidentziatik urrun.
3 Oharkabean gelditzea espero zuten,
beren ezkutuko bekatuak
ahanzturaren estalki sendoaren azpian gordeta;
baina sakabanatuak izan ziren, izu beldurgarriak jota,
ikuskari ikaragarriek asaldaturik,
4 gordeleku zuten zokoak ere ez baitzituen ikaratik babesten;
zarata-hots zirraragarriek durundi egiten zuten inguruan
eta itxura iluneko mamu beldurgarriak agertzen.
5 Surik biziena ere ez zen haiek argitzeko gauza
eta izarren argitasun distiratsuak ere
ez zuen lortzen gau beltz hura argitzea.
6 Sugarraldi bat bakarrik agertzen zitzaien,
bere kasa piztua, izua zabalduz,
eta, hura begi aurretik desagertzean, beldurraren beldurrez,
are lazgarriagoa iruditzen zitzaien ikusten zutena.
7 Aztikeriaren trikimailuek ere porrot egin zuten,
eta lotsagarriro gezurtatua gelditu zen haren jakintza-ospea.
8 Barne-gaixorik zeudenen beldurra eta larriak uxatzen
saiatzen zirenak berak
jartzen ziren gaixo, kezka barregarrien menpe.
9 Larritzeko eta beldurtzeko inolako motiborik gabe ere,
piztien hanka-hotsek eta sugeen ziztuek asaldaturik,
10 izuaren izuz lur jota gelditzen ziren,
eta ezinbesteko aireari begiratzen ere ez ziren ausartzen.
11 Izan ere, gaiztakeriak berak erakusten du koldarra dela,
eta bere burua kondenatzen du;
kontzientziak estutzen duenean,
okerrena bururatzen zaio beti,
12 beldurra ez baita beste ezer
arrazoiaren laguntzak ukatzea baino;
13 zenbat eta ziurtasun gutxiago izan barnean,
are larriagoa izaten da oinazearen zergatia ez jakitea.
14 Herio Leize geldoaren barrunbeetatik sorturiko
gau benetan geldo hartan,
loaldi berean murgildurik zeuden* 17,14 zeuden: Aditzaren subjektua 7-10 tx.etan aipaturiko aztiak dira. // Herio Leizeari geldo deitzen zaio, bertan edozein ekintza ezinezkoa delako.;
15 batetik, mamu itxuragabeek pertsegitzen zituzten
eta, bestetik, mugiezinik gelditzen ziren bihotz-hilduta,
bat-bateko eta ustekabeko beldurrak hartu baitzituen.
16 Egoera hartan eroritako edonor
preso gelditzen zen,
burdin hesirik gabeko presondegian itxita;
17 laborari nahiz artzain
nahiz bakarrean lanean saiatzen zen langilea izan,
ustekabean harrapatuta, ezinbesteko patua jasaten zuen,
18 denak baitzeuden iluntasunaren katea berberaz loturik.
Haizearen ziztu-hotsak,
txorien kantu eztiak adar hostotsuetan,
uraren doinu etengabeak bere isuri oldartsuan,
19 danbada-hotsak harkaitzak amiltzean,
jauzika zihoazen animalien lasterketa ikusezinak,
basapiztien orroak,
mendiko zokoguneek itzularazitako oihartzunak,
edozerk uzten zituen beldurrez mugiezinik.
20 Baina munduaren gainerakoa,
argitasun distiratsuz argitua,
bere zereginetara emana zegoen, eragozpenik gabe.
21 Egiptoarren gain bakarrik hedatzen zen gau astuna,
hildakoan hartuko zituen ilunpearen irudi;
halere, beren buruak zituzten haiek ilunpeak baino astunago.