← Aurrekoa Jakinduria 14 Hurrengoa →
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19
Jaunak salbatzen du, ez egur-puska batek
1 Beste batek, itsaso haserrea zeharkatzeko asmoz
ontziratzeko dagoela,
erabiliko duen ontzia baino hauskorragoa den
egur-zatiari dei egiten dio.
2 Irabazi-goseak asmatu zuen ontzia
eta artisauaren trebeziak eraiki.
3 Baina zure probidentzia da, oi Aita, gidatzen duena;
zuk ireki zenuen bidea itsasoan ere,
bide segurua uhinen artean,
4 arrisku orotatik salba dezakezula erakutsiz,
nahiz eta eskarmentu gabea izan itsasoratzen dena.
5 Ez duzu nahi zure jakinduriaren egintzak alferrik galtzea;
horregatik arriska dezake gizakiak bizia,
egur txiki batean fidatuz,
eta, ontzixkan uhin biziak zeharkatuz, portura onik iritsi.
6 Izan ere, antzinako erraldoi harroak galdu zirenean,
ontzixka batean babestu zen munduaren itxaropena,
eta, zure eskua gidari, bizitzaren hazia utzi zuen etorkizunerako* 14,6 antzinako erraldoiak: Has 6,1-4 pasartean aipaturiko erraldoiak dira. // bizitzaren hazia… etorkizunerako: Bibliaren arabera, Noe eta beronen familia gizadiaren bigarren sorrera edo jatorria dira uholde ostean (ik. Has 7,23; 9,19; 10,32; Si 44,17)..
7 Bedeinkatua salbamen-bide bihurtzen den egurra;
8 baina madarikatuak
giza eskuz eginiko idoloa eta beronen egilea:
egilea, eratu duelako;
idoloa, ustelkorra izanik, jainko deitzen dutelako.
9 Izan ere, Jainkoak era berean gorrotatzen ditu
fedegabea eta sasijainkoekiko haren zaletasuna,
10 eta era berean zigortuko egintza eta egilea.
Idoloak gizakien asmakizun
11 Horregatik, jentil-herrietako idoloei ere
kontuak eskatuko zaizkie,
Jainkoak egindakoen artean higuingarri baitira,
gizakientzako galbide,
zentzugabeen oinetarako lakio.
12 Idoloak egiteko asmoa izan zen
Jainkoarekiko desleialtasunaren* 14,12 desleialtasunaren: H.h., prostituzioaren; idolatria adierazteko irudia da (ik. Os 1,2 oh.).hasiera,
berorien asmakuntzak gaiztotu zuen gizakion jokaera;
13 hasieran ez baitzegoen idolorik,
eta izan ere ez dira beti izango.
14 Gizakien hutsalkeriagatik sartu ziren munduan;
horregatik, erabakia dago horien bat-bateko amaiera.
Idoloak nola sortu diren
15 Aita batek,
bere haurraren heriotza goiztiarragatik atsekabeturik,
garaia baino lehen galdutako haurraren irudia eginarazten du;
hildako bat besterik ez zena jainko bezala ohoratzen du,
eta haren ohorezko erritu eta zeremoniak
bere menpekoei ezartzen.
16 Denboraren poderioz,
ohitura fedegabe hori finkatu eta lege bihurtzen da.
Erregeen aginduz ere gurtu ohi dira estatuak:
17 erregeak urruti bizi ziren
eta jendeak ezin zituen aurrez aurre ohoratu;
beraz, errege gurgarriaren ageriko irudiak eginez,
haien itxura gauzatu zuten,
urruti zegoena bertan balego bezala lausengatzeko.
18 Ezagutzen ez zutenen artean ere kultu hori hedatzeko,
artistaren ospe-nahiak ere izan zuen eraginik;
19 honek, erregeari atsegin eman nahirik,
eredua trebeki behartzen zuen, itxura ederragotzeko;
20 eta jendeak, obraren xarmaz liluraturik,
gurtzagai hartu zuen lehentxeago gizaki huts bezala
ohoratzen zuena.
21 Hau tranpa gertatu zen gizartearentzat;
izan ere, zoritxarraren edo boterearen menpe zeuden gizakiek
harriari eta egurrari eman baitzieten esanezina den izena* 14,21 esanezina den izena: Jainkoaren izena da..
Idolatriaren ondorioak
22 Jainkoaren ezagutzari buruz huts egitea ez dute aski,
baizik eta, ezjakintasunak eragindako
borroka bizian murgildurik,
«bake» izena ematen diete hortik sorturiko gaitzei.
23 Izan ere, haurrak hiltzeko zeremoniak nahiz ezkutuko errituak
edo ohitura arraroetako orgia basatiak eginez,
24 dagoeneko ez dituzte ez bizitza, ez ezkontza garbi gordetzen,
baizik eta zelatan egoten dira batak bestea hiltzeko
edo, adulterio eginez, elkar atsekabetzeko.
25 Erabateko nahaspila da dena:
odol-isurketa eta hilketa, lapurreta eta iruzurra,
ustelkeria, desleialkeria, gizarte-gatazkak, zinausteak,
26 balore-nahasketa, esker ona baztertzea,
arimen kutsadura, sexu-perbertsioak,
ezkontza-desordenak, adulterioa eta lizunkeriak.
27 Izendaezineko idoloen kultua baita
gaitz ororen hasiera, zergatia eta jomuga;
28 hain zuzen, jai zoroak ospatzen dituzte
edo iragarpen faltsuak egiten edo bidegabekeriaz bizitzen
edo beren zinak errazegi hausten;
29 bizigabeko idoloez fidatzen direnez,
ez dira gezurrezko zinek kalterik ekarriko dieten beldur.
30 Zigor zorrotzagoa izango dute, ordea, bi arrazoi hauengatik:
idoloetara jotzean Jainkoari buruz gaizki pentsatu dutelako
eta, Jainko santua mespretxatuz,
faltsuki eta bidegabe zin egin dutelako.
31 Gaizkileen hutsegiteak zigortuko dituena ez da izango
zin-egiteetan lekukotzat hartutako idoloen ahalmena,
baizik eta bekatarien aurkako justizia.