← Aurrekoa Isaias 66
1 Hau dio Jaunak:
«Neure tronu dut zerua,
neure oin-aulki lurra.
Zer etxe egingo didazue, bada,
edo zein toki nire atsedenerako?
2 Neuk eginak dira gauza guztiok,
neureak ditut* 66,2 neureak ditut: Grekozko itzulpenaren arabera; hebreerazkoak badira dio.denak.
Hala diot nik, Jaunak.
Hona norengan ditudan
begiak jartzen:
atsekabetu eta bihotz-eroriengan,
nire hitzari begirune diotenengan.
3 «Zezena oparitan lepo egiten dute,
baina baita gizakia hiltzen ere;
ardia sakrifiziotzat eskaintzen dute,
baina baita txakurrari
lepo-hezurra hausten ere;
labore-oparia eskaintzen dute,
baina txerri-odola ere bai;
intsentsua erretzen,
baina baita idoloa gurtzen ere.
Horiek beren bidea aukeratu dute
eta beren idolo higuingarriak
dituzte atsegin* 66,3 Tx.ean salatzen den okerra, legezko sakrifizio eta errituekin batera legeak zorrotz debekatzen dituen opariak egitea da (ik. Lb 11,7-8; 20,1-5), 65,3-5 eta 66,17 tx.etan aipaturiko taldeek praktikatzen duten sinkretismoa, alegia..
4 Neuk ere beren nahikerien menpe
uztea erabaki dut:
beldurgarrien zaiena,
horixe bidaliko diet.
Izan ere, nik deitu
eta ez zuen inork erantzun;
nik hitz egin, eta inork jaramonik ez;
niri gaizki iruditzen zaidana
egin zuten,
atsegin ez dudana aukeratu».

Herritar gaiztoen zigor-epaia

5 Entzun Jaunaren hitza,
haren hitzari begirune diozuenok.
Hau diote
gorroto dizueten herritarrek,
ni naizela-eta
baztertzen zaituztetenek:
«Ager dezala Jaunak bere aintza,
eta ikus dezagula guk zuen poza!»
Bada, beraiek geldituko dira
lotsagarri.
6 Entzun zarata-hotsa hirian,
tenplutik bertatik
datorren zarata-hotsa.
Jauna da: etsaiei merezitako ordaina
ematen ari zaie.

Herria birjaio

7 Erdiminak baino lehen
izan du Sionek haurra,
oinazeak baino lehen
ekarri du umea.
8 Nork entzun du inoiz horrelakorik?
Nork ikusi du antzekorik?
Egun batean jaiotzen ote da
herrialde bat osorik?
Bat-batean sortzen ote
nazio bat osorik?
Sionek, ordea,
erdiminak hasi bezain laster
izan ditu seme-alabak.
9 Hau dio Jaunak, zure Jainkoak:
«Nik, haurrari irtenbidea
ematen diodan honek,
ez ote nion, bada, jaiotzen utziko?
Haurrak jaioarazten ditudan honek,
irtetea eragotziko ote nion?»
10 Poz zaitezte Jerusalemekin,
alaitu berarengatik,
maite duzuen guztiok!
Izan orain berarekin zoriontsu,
harengatik dolu egin zenutenok!
11 Edan asetzeraino
haren bular gozotik!
Xurgatu atseginez
haren ugatz oparotik!
12 Zeren hau baitio Jaunak:
«Ibaika ekarriko diot
Jerusalemi zoriona,
erreka betean nazioen ondasunak.
Amak haurra bezala
zainduko zaituztet:
bularra eman eta altzoan hartuko
eta magalean gozatuko.
13 Amak haurra
kontsolatzen duen bezala,
halaxe kontsolatuko zaituztet;
bai, Jerusalemen
kontsolatuko zaituztet».
14 Hau ikustean,
pozaren pozez
izango duzue bihotza,
belar berria bezain heze
hezur-mamiak.
Horrela erakutsiko die Jaunak
ahalmena bere zerbitzariei
eta sumina bere etsaiei.

Herrien zigor-epaia

15 Sutan etorriko da Jauna,
haize-erauntsiaren antzera
haren gurdiak;
amorruz hustuko du bere haserrea,
su eta gar beteko bere mehatxua.
16 Bai, suz eta ezpataz armaturik
epaituko ditu Jaunak gizaki guztiak;
asko eta asko eroriko dira hilik.
17 Beren zuzendariaren atzetik* 66,17 Beren zuzendariaren atzetik: H.h., Erdian dagoen baten atzetik; segur aski, sasikultuen apaiza (edota apaiz emakumea, zenbait eskuizkribuk femeninoa baitakar). Dena den, tx. hau isolaturik dago testuinguru honetan (ik. 65,3-5 eta oh.). // baita beraien egite eta asmoak ere: Hitz hauek 18. tx.etik ekarri ditugu hona, zintzilik baitaude han.
baratzeetan kultua egitera joateko
beren burua sagaratzen
eta garbi egiten dutenak,
txerri, arratoi
eta beste abere kutsatuen
okela jaten dutenak,
denak batera galduko dira,
baita beraien egite eta asmoak ere.
Jaunak esan du.

Herri guztiak Jerusalemen bilduko

18 Jaunak dio:
«Hizkuntza orotako nazioak
biltzera etorriko naiz;
haiek etorri
eta nire ospea ikusiko dute.
19 Ezaugarri bat emango diet:
beraien artean bizirik
geldituriko batzuk
nazioetara bidaliko ditut,
Tarsis, Put
eta arkulari trebeak dituen Ludera,
Tubal* 66,19 Tarsis, Put, Lud, Tubal: Herrien zerrenda honetarako, ik. Ez 27,10-13 eta oh. // Put: Grekozko itzulpenaren arabera; hebreerazkoak Pul dio., Grezia
eta urrutiko herrietara,
inoiz nire berri izan ez duten
eta inoiz nire ospea ikusi ez duten
herrialdeetara.
Nire ospea iragarriko dute
nazioen artean.
20 Atzerriko nazio guztietatik
ekarriko dituzte zuen herritarrak
zaldi, gurdi eta ohatiletan,
mando nahiz gamelu gainean;
niretzat, Jaun honentzat,
opari gisa ekarriko dituzte
Jerusalemgo nire mendi santuraino,
israeldarrek beren opariak
ontzi garbietan Jaunaren etxera
eraman ohi dituzten bezalaxe.
Hala diot nik, Jaunak.
21 Eta beraietako batzuk ere
aukeratuko ditut apaiz eta lebitar.
Hala diot nik, Jaunak.
22 Nik egingo ditudan zeru-lur berriek
tinko iraungo duten bezala,
tinko iraungo dute
zuen ondorengotzak eta izenak ere.
Hala diot nik, Jaunak.
23 Eta ilberri oro eta larunbatero
nire aurrean ahuspeztera
etorriko dira gizaki guztiak.
Hala diot nik, Jaunak.
24 Eta, tenplutik irtetean,
nire kontra altxatu zirenen
gorpuak ikusiko dituzte:
karraskatzen dituen harra
ez da hilko,
ezta erretzen dituen sua* 66,24 tenplutik: Edo hiritik, testuak ez baitu zehazten. // harra, sua: Mk 9,48 tx.ean jasoko diren irudiok etengabeko oinazea adierazten dute.
itzaliko ere;
mespretxagarri izango dira
gizaki guztientzat».