1 Ai jaitsiko bazina,
sastraka erretzen
edo urari irakinarazten dion
sua bezala!
Horrela, zure etsaiek
nor zaren jakingo lukete,
nazioek zure aurrean dar-dar egingo,
2 guk uste gabeko
gauza ikaragarriak zuk egitean.
Zu jaitsi,
eta mendiek zure aurrean dar-dar.
3 Ez da inoiz entzun,
ez da inoiz aditu, ez ikusi,
zuk ez beste jainkoren batek
berarengan itxaro duenaren alde
horrelakoak egin dituenik.
4 Bere poza zuzen jokatzean
jartzen duenari,
zure nahia beti gogoan duenari,
bidera ateratzen zatzaizkio.
Bai, haserre zaude
bekatu egin dugulako,
antzinatik bide-galdurik
ibili garelako* 64,4 Tx. osoko testua zaila da. Grekozko itzulpenari jarraituz itzuli dugu; baina itzulpen ezberdinak eman ohi dira..
5 Kutsaturik gaude guztiok,
gure egintzarik onenak ere
zapi zikinen antzeko;
orbela bezala gaude iharturik
eta haizeak bezala garamatzate
geure erruek.
6 Inork ez dizu dei egiten,
ezta zuri atxikitzen saiatzen ere,
zeure aurpegia ezkutatu baitiguzu,
eta geure erruetan murgilduta utzi.
7 Baina zu, Jauna, gure aita zara;
gu buztina, eta zu buztinlaria:
zeuk eginak gaituzu guztiok!
8 Ez zaitez, Jauna, gehiegi haserre,
ez izan beti gogoan gure errua.
Begira, zure herria gara guztiok!
9 Zure hiri santuak
basamortu bihurturik daude,
Sion basamortu,
Jerusalem hondamendi.
10 Arbasoek goresten zintuzteneko
gure tenplu santu distiratsua
suak kiskali du.
Maiteen genuena hondaturik dago!
11 Honek guztiak, Jauna, ez al dizu axola?
Geldi egon behar al duzu?
Amaigabe
atsekabetu behar al gaituzu?