Jerusalem berriaren distira

1 Jaiki* 60,1 Jaiki: 60. kap.ak 49 kap.aren formula asko jasotzen ditu. Ingurune historikoa K.a. 520an Ageo profetak azaltzen duena bera da (ik. Ag 2,7-9)., Jerusalem, egizu distira,
badator-eta zure argia:
Jaunaren aintza zure gain ageri da!
2 Ikus, ilunpetan dago lurra,
gau beltzean herriak;
zure gain, ordea, Jauna ageri da,
haren aintza zure gain nabari.
3 Zure argirantz joko dute herriek,
zure egunsenti-distirarantz
erregeek.
4 Begira ingurura eta ikus:
seme-alaba guztiak
zuregana datoz, bildurik:
urrutitik datoz zure semeak,
besoetan dakartzate zure alabak.
5 Haiek ikusiz, distiratsu jarriko zara,
bihotza pozez lehertzeko zorian;
zuregana bilduko dituzte
urrutiko herrien altxorrak,
zuregana ekarriko
nazioen ondasunak.
6 Gamelu ugariz beteko zara,
Madian eta Efako karabanak* 60,6 Efako karabanak: 6-7 tx.etan aipaturikoak Arabiar penintsula eta Sinai basamortuko lurralde eta herriak dira (ik. 21,16; 42,11; Ir 2,15; 1 Erg 10,1).
etorriko dira,
baita Sabako guztiak ere,
urrea eta intsentsua ekarriz
eta Jaunaren egintza goresgarriak
hots eginez.
7 Zuretzat bilduko dituzte
Kedarko artalde guztiak,
zeure zerbitzurako izango dituzu
Nebaiot-eko ahariak;
Jaunari eskainiko zaizkio
bere aldare gainean,
berarentzat opari atsegingarri,
eta Jaunak
are bikainago bihurtuko du
beraren ospea agertzen duen
tenplua.
8 Zer ari naiz ikusten?
Zeruan zehar hodeiak bezala,
usategira usoak hegan bezala,
9 itsasontziak datoz Jaunarengana,
Tarsiseko ontziak* 60,9 Tarsiseko ontziak: Ik 23,1 oh.aurretik direla;
zure seme-alabak
urrutitik dakartzate,
urrez eta zilarrez beterik.
Jaunaren, zure Jainkoaren,
omenez datoz,
ospez jantzi zaituen
Israelen Jainko santuaren omenez.
10 Jaunak dio:
«Atzerritar jendeak
berreraikiko ditu zure harresiak,
eta haien erregeak
zerbitzari izango dituzu;
izan ere, neure haserrean
zigortu zintudan arren,
neure onginahian
gupidatu egin naiz zutaz.
11 Zure ateak
zabalik egongo dira beti,
gau eta egun itxi gabe,
nazioen erregeak
beren ondasunekin
erreskadan zuregana sarrarazteko.
12 Zerbitzura jarriko ez zaizkizun
herri eta erreinuak
bertan behera galduko dira,
nazioak erabat hondatuko.
13 «Zuregana ekarriko dituzte
Libanoko zedro ospetsuak,
zipres, zumar eta izeiekin batera,
nire santutegia apaintzeko;
ospez beteko dut
bizi naizen tenplua* 60,13 bizi naizen tenplua: H.h., nire oinen tokia..
14 Burumakur etorriko zaizkizu
zeure zapaltzaileen seme-alabak,
zure oinetan ahuspeztuko
mespretxatu zintuzten guztiak.
“Jaunaren Hiri”,
“Israelen Jainko santuaren Sion”
deituko dizute.
15 «Bazterturik, gorrotatua
eta bakarrik utzia egon bazara ere,
gizaldien harro-bide egingo zaitut,
mende guztien pozgarri.
16 Amak haurtxoa bularrean bezala
janarituko zaituzte
nazio eta erregeek* 60,16 Amak… erregeek: H.h., Nazioen esnea edoskiko duzu, erregeen titia hartuko.,
orduan jakingo duzu
ni, Jauna, naizela zure salbatzailea,
ni, Israelen Jainko indartsua,
naizela zure askatzailea.
17 «Brontzearen ordez urrea
ekarriko dizut,
burdinaren ordez zilarra,
zuraren ordez brontzea
eta harriaren ordez burdina.
Bakea jarriko dizut gobernari,
justizia zuzendari.
18 Ez da gehiago zure herrialdean
gogorkeri hotsik entzungo,
ez zure mugetan
hondamendi eta triskantzarik izango;
“Salbamen” deituko diezu
zeure harresiei,
“Gorespen” zeure ateei.
19 «Aurrerantzean ez duzu
eguzkirik beharko eguna argitzeko,
ezta ilargi-distirarik ere gauez,
ni, Jauna, izango bainauzu
zeure argi betiko,
ni, zeure Jainkoa, distira.
20 Zure eguzkia
ez da behin ere jaitsiko,
ezta zure ilargia gordeko ere,
ni, Jauna, izango bainauzu
zeure argi betiko,
eta amaituak izango dira
zure negar-egunak.
21 Zure herritarrak
zintzo izango dira denak
eta lurraldearen jabe
bihurtuko betiko:
nik ezarritako landare berri,
neure ospea agertzeko
eginiko obra.
22 Hain gutxi izanik,
milaka ugalduko dira;
hain kaskar izanik,
nazio handi bihurtuko.
Berehala gertaraziko dut nik,
Jaun honek,
garaia iritsi bezain laster».