Jaunak berriro emaztetzat hartu Jerusalem

1 Egin poz-oihu, Jerusalem,
emakume agor
eta haur gabe horrek!
Ekin kantari pozaren pozez,
erdiminik izan ez duzun horrek!
Jaunak baitio:
«Bakarrik utziaren seme-alabak
gehiago izango dira
senardunarenak baino».
2 Zabalagotu
zeure etxolaren esparrua,
hedatu beldur gabe
zeure egoitza-oihalak;
luzatu lokarriak,
sartu gogor ziriak,
3 ezker-eskuin haziko baitzara;
zure ondorengoek
nazio asko berenganatuko dituzte
eta orain hondaturik dauden
hirietan biziko dira.
4 Ez beldurtu,
ez zara barregarri geldituko;
ez lotsatu, ez zaituzte laidotuko.
Ahaztu egingo duzu
gaztetako lotsaizuna,
ez zara oroituko
alargun zineneko laidoaz* 54,4 gaztetako lotsaizuna: Egiptoko esklabotza-garaia, artean Jaunak ez baitzuen herria emaztetzat hartua; alargun zineneko laidoa: Babiloniako erbestealdia da, herria Jaunak, senarrak, utzitako emazte bezala (ik. 6. tx.) zegoeneko garaia, alegia.,
5 egin zintuenak emaztetzat
hartuko baitzaitu:
Jaun ahalguztiduna, horixe du izena.
Israelen Jainko santua da
zure askatzailea:
lur osoaren Jainkoa deritza.
6 Senarrak utziriko emaztea,
emazte atsekabetua zinen,
baina Jaunak berriro dei egin dizu.
Hau dio Jaunak:
«Utz ote daiteke
gaztetako emaztea?
7 Unetxo batez utzi zintudan,
baina gupidarik handienaz
hartuko zaitut.
8 Haserrealdi batean, unetxo batez
aurpegia ezkutatu nizun,
baina etengabe maite zaitudalako
gupidatu naiz zutaz.
Hala diot nik, Jaunak,
zure askatzaileak.
9 Noeren uholdekoan bezala
gertatzen zait:
zin egin nuen orduan
ez zela berriro uholderik
izango munduan,
eta halaxe egiten dut zin orain
ez naizela zurekin
berriro haserretuko,
ez dizudala gehiago
mehatxurik egingo.
10 Mendiak beren lekutik aldenduko
eta muinoak koloka jarriko balira ere,
nire maitasuna
ez da zuregandik aldenduko,
zure zorionaren aldeko
nire konpromisoak
ez du kolokarik egingo.
Hala diot nik, barru-barrutik
maite zaituen Jaunak».

Jerusalem berria

11 Oi Jerusalem, zoritxarreko hiri,
ekaitzak astindua,
inork kontsolatu gabea!
Jaspezko oinarri gainean
eraikiko zaitut,
zafirozko zimendu gainean ezarriko.
12 Dorreak errubiz
eta ateak esmeraldaz
egingo dizkizut,
harribitxiz harresi guztiak.
13 Zure seme-alabak nire ikasle
izango dira
eta denak zorion betean biziko.
14 Justizian sendo ezarria egongo zara.
Zapalkuntzatik libre izango zara
eta ez duzu ezeren beldurrik izango,
ikara ez zaizu inoiz hurbilduko.
15 Inork erasotzen badizu,
ez da nire baimenaz izango;
zure kontra lehertuko da erasotzailea.
16 Nik egin dut artisaua,
txingarrari haize emanez
helburu ezberdinetarako tresnak
egiten dituena;
eta nik egin dut suntsitzailea,
hondaketa helburu duena.
17 Baina zure kontra egindako arma,
huts gertatuko da;
auzitan salatuko zaituena
erruduntzat utziko duzu.
Hauxe da
Jaunaren zerbitzarien senipartea,
nik ematen diedan garaipena.
Nik, Jaunak, esana.