1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
32
33
34
35
36
37
38
39
40
41
42
43
44
45
46
47
48
49
50
51
52
53
54
55
56
57
58
59
60
61
62
63
64
65
66
Babilonia eta bertako aztien porrota
1 «Makurtu lurrera, eseri hautsetan,Babilonia neskatxa eder* 47,1 Babilonia neskatxa eder: H.h., neskatxa, Babilonia alaba; hiri edo herrialde baten pertsonifikazio poetiko gisa maiz erabiltzen den esamoldea.;
eseri lurrean, tronua utzirik,
babiloniarren hiriburu:
ez dizute deituko gehiago
hiri gozo, hiri dotore.
2 Hartu errota eta egin irina;
kendu musu-estalkia,
jaso gonak,
agertu izterrak,
ibaiak oinez igarotzeko:
3 ager bedi zure gorputza biluzik,
zeure lotsariak bistan dituzula.
Mendeku hartuko dut,
ez dit inork eragotziko».
4 Hau dio gure askatzaileak,
Israelen Jainko santuak,
Jaun ahalguztiduna deritzanak:
5 «Eser zaitez isilik,
babiloniarren hiriburu,
zoaz ilunpetara:
ez dizute deituko gehiago
“Erreinuen erregina”.
6 Neure herriarekin haserre nintzela,
neure ondarea zapuztu egin nuen
eta zure eskuetara eman.
Zuk ez zenien gupidarik izan,
zaharrak ere lehertu egin zenituen
zeure uztarri astunaz.
7 Esan zenuen:
“Beti-betiko izango naiz erregina”,
gertaera hauei arretarik jarri gabe,
ondorenak kontuan hartu gabe.
8 «Entzun, bada, orain,
emakume atseginzale,
tronuan lasai zauden horrek;
zeurekiko zenion:
“Neu, eta beste inor ez!
Ez naiz alargunduko,
ez haurrik gabe geldituko”.
9 Zoritxar biok gertatuko zaizkizu,
bat-batean, egun berean:
haurrik gabe eta alargun
geldituko zara
–zoritxarraren zoritxarra!–;
ez dizute balioko
zeure sorginkeria ugariek
eta aztikerien ahalmen handiak* 47,9 aztikerien ahalmen handiak: Bere azti eta iragarleengatik ospetsua zen Babilonia (ik. Dn 2,2)..
10 Zeure gaiztakerian seguru zeunden,
pentsatuz: “Ez nau inork ikusten”.
Zeure jakinduriak eta zientziak
desbideratu zaituzte,
eta pentsarazi:
“Neu, eta beste inor ez!”
11 Ba, uxaezineko zoritxarra
gertatuko zaizu,
saihestu ezineko ezbeharra
jausiko gainera,
ustekabean hartuko zaituen
bat-bateko hondamendia etorriko.
12 Eutsi gogor, beraz,
gaztetandik
hain gogoko izan dituzun
aztikeria eta sorginkeria guztiei:
ea ezertarako balio dizuten,
ea inor izutzea lortzen duzun.
13 Aspertu gabe ibili zara
hainbat eta hainbat kontseilarirekin:
betoz, bada, salba zaitzatela,
zerua aztertu
eta izarrak ikertzen dituztenek,
hilero etorkizuna
iragartzen dizutenek!
14 Hara, suak irensten duen
lastoaren antzeko izango dira;
ezin izango dituzte beren buruak
sugarretatik libratu.
Ez da, ez, txingar-sua izango,
ondoan eseri eta berotzekoa.
15 Horra zer etekin
emango dizuten aztiek,
gaztetandik arduraz
zaindu dituzun horiek.
Bakoitza bere bidetik galduko da,
eta zu salbatzeko inor ez.