1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
32
33
34
35
36
37
38
39
40
41
42
43
44
45
46
47
48
49
50
51
52
53
54
55
56
57
58
59
60
61
62
63
64
65
66
Egiazko Jainkoa eta idoloak
1 «Entzun niri isilik,urrutiko herriok* 41,1 urrutiko herriok: Ik. 40,15 oh.;
jantzi adorez, naziook.
Etorri hitz egitera,
bil gaitezen elkarrekin auzitara.
2 Nork sorrarazi du ekialdean
edonon garaile ateratzen den hori* 41,2 edonon garaile ateratzen den hori: H.h., garaipena (justizia) bidera ateratzen zaion hori. Ziro errege pertsiarraz ari da. 539. urtean babiloniarrak garaitu zituen, eta 538an hebrearrei herrira itzultzeko baimena eman zien. Justizia hitzak garaipena esan nahi du sarri Biblian, eta bereziki Bigarren Isaiasenean.?
Nork eskuratzen dizkio nazioak
eta menpean jartzen erregeak?
Hauts egiten ditu bere ezpataz,
haizeak daraman lasto bihurtzen
bere uztaiaz.
3 Pertsegitu egiten ditu
eta aurrera doa seguru,
bere oinez lurrik ia ukitu gabe.
4 Nork egin eta burutu du
hori guztia?
Ni, Jauna, neu naiz lehena,
hasieratik gizaldiak mundura
ekartzen dituena,
eta azkenekoak iristean ere
ni betiko berbera.
5 Ikusi eta beldur dira
urrutiko herriak,
ikaraz lurraren azken bazterrak;
hurbiltzen ari dira, hor datoz».
6 Elkarri laguntzen diote idologileek
eta adore-hitzak esaten elkarri.
7 Artisauak zilarginari
ematen dio adore,
mailukari leuntzaileak
ingude-jotzaileari,
esanez: «Ederra soldaketa!»
Eta gero
iltzez gogortzen dute irudia,
ez dadin zarta.
Jaunak Israel bere zerbitzaria sendotu
8 «Zu, Israel, nire zerbitzaria;zu, Jakob, nik aukeraturiko herria,
nire adiskide Abrahamen
ondorengoa.
9 Lurraren azken bazterretatik
hartu zintudan,
urrutieneko zokoetatik deitu
eta esan: “Zu nire zerbitzaria”.
Baztertu ez,
baino aukeratu egin zaitut.
10 Ez izan beldur, zeurekin bainauzu;
ez larritu, zure Jainkoa bainaiz.
Neure laguntzaz
ahaltsu egiten zaitut,
neure esku garaileaz eusten dizut.
11 Lotsaz eta laidoz geldituko dira
zure aurka lehiatzen direnak;
ezerezean galduko dira
zure kontra liskarrean ari direnak.
12 Bilatu eta inon ez dituzu aurkituko
borroka egiten zizutenak;
ezerez eta huts bihurtuko dira
gerra egiten zizutenak.
13 Nik, Jaunak, zeure Jainkoak,
eskutik heltzen baitizut
eta esaten: “Ez beldurtu,
neuk laguntzen dizut!”»
14 Hau dio Jaunak:
«Ez izan beldur, Israel,
Jakoben herri,
hartxo bat bezain ezerez
eta ahul zaren hori!
Neuk laguntzen dizut;
ni, Israelen Jainko santua,
nauzu askatzaile.
15 Eultziaren antzeko bihurtzen zaitut,
hortz zorrotzeko
eultzi berriaren antzeko;
mendiak xehatu
eta hauts egingo dituzu,
muinoak lasto bihurtuko.
16 Zuk astindu
eta haizeak eramango ditu,
haize-erauntsiak barreiatuko.
Zu, berriz,
pozik izango zara Jaunaz,
harro Israelen Jainko santuaz.
17 «Dohakabe eta behartsuak
ur bila dabiltza, baina alferrik;
lehor dute mihia egarriz.
Nik, Jaunak,
erantzungo diot haien premiari,
nik, Israelen Jainkoak,
ez ditut bazterrera utziko.
18 Mendi-kasko soiletan errekak
sortuko ditut,
ibarretan iturriak;
basamortua aintzira bihurtuko dut,
lur lehorrean
iturburuak sorraraziko.
19 Zedro, arkazi, mirto eta olibondoak
landatuko ditut basamortuan;
zipres, zumar eta izeiak eremuan.
20 Horrela ikusiko dute denek
eta jakingo,
ohartuko dira eta behingoz ulertuko
nik, Jaunak, egin dudala hori guztia,
nik, Israelen Jainko santuak,
dudala sortu».
Jauna idoloekin auzitan
21 Hau dio Jaunak,Jakoben herriaren erregeak* 41,21 Jakoben herriaren erregeak: H.h., Jakoben erregeak. Jakob herri osoaren deituratzat hartzen da askotan, Israelen paralelo gisa (ik. Has 35,21 oh.).:
«Aurkeztu zeuen auzia, idolook,
ekarri frogak.
22 Zatozte eta iragarri
gero gertatzekoa.
Esan guri
zeuen lehengo iragarpenak
eta arretaz entzungo dugu;
adierazi etortzekoak,
betetzen diren ikus dezagun.
23 Iragarri geroko gertakizunak
eta aitortuko dugu jainko zaretela.
Eman zoriona edo zoritxarra,
ohar gaitezen eta zuen beldur izan.
24 Baina hara: zuek ez zarete ezer,
zuen egintzak hutsaren hurrengo.
Mespretxagarria, zuek jainkotzat
aukeratzen zaituztena.
25 «Gizon bat sorrarazi dut ekialdean,
bere izenez egin diot dei* 41,25 Gizon bat: Ziro erregeaz ari da (ik. 41,2 oh.). // bere izenez egin diot dei: Qumrango eskuizkribu nagusiaren eta 45,3-4 tx.en arabera; hebreerazko ohiko testuak nire izenari egiten dio dei dio.;
iparraldetik etorri da.
Lokatza bezala
zapalduko ditu gobernariak,
eltzegileak buztina
zapaltzen duen bezala.
26 Nork iragarri zuen hau hasieratik,
nork aurrez adierazi,
jakin genezan
eta egia zela aitortu?
Ez, ez zuen inork iragarri,
ez zuen inork adierazi,
ez zizuen inork ezer entzun.
27 Nik jakinarazi diot
lehendabizi Sioni* 41,27 Nik… Sioni: Testu zuzendua; hebreerazkoak hau dio h.h.: Lehendabizi Sioni. Hara, hemen dira!,
nik bidali albistari pozgarria
Jerusalemi.
28 Idoloei begiratu diet: ez zen inor,
inortxo ere ez kontseilu emateko,
nire galderei erantzuteko.
29 Idolo guztiak ez dira ezer,
horien egintzak hutsaren hurrengo,
irudiak haizea bezain hutsal».