Herria Jerusalemera itzuli

1 Poztu bitez basamortua
eta lur elkorra,
alai bedi eta loratu landa lehorra,
2 jantzi bedi lorez,
irrintzi eta jauzi egin beza
pozaren pozez!
Libano bezain ospetsu
egingo du Jainkoak,
Karmel mendia eta Xaron lautada* 35,2 Xaron lautada: Ik. 33,9 oh.
bezain eder.
Denek ikusiko dute Jaunaren ospea,
gure Jainkoaren ederra.
3 Sendotu beso ahulduak,
bizkortu belaun makalduak.
4 Esan bihotz-eroriei:
«Eutsi gogor, ez beldurtu!
Horra zuen Jainkoa!
Berbera dator zuek salbatzera
eta merezia duten zigorra
etsaiei ematera».
5 Orduan, itsuek
ikusi egingo dute berriro
eta gorrek entzun.
6 Oreinak bezala
salto egingo du herrenak,
pozaren pozez irrintzi mutuak.
Basamortuan iturriak sortuko dira,
landa lehorrean errekak,
7 hareatza kiskalietan aintzirak,
paraje agorretan iturburuak.
Basa txakurren bizilekuetan
belarra, kanabera eta ihia
aterako dira.
8 Eta galtzada bat izango da han;
«Bide santu» deituko zaio.
Kutsaturiko inor
ez da handik igaroko,
ezta zentzugabeak* 35,8 zentzugabeak: Idolo-gurtzaileei buruz esana, segur aski.ere
handik ibiliko.
Jaunak berak irekiko du bidea.
9 Ez da han lehoirik izango,
ez piztia gaiztorik ibiliko,
ezta bat bakarrik ere.
Bide horretatik itzuliko dira
Jaunak askatuak,
10 Jaunak libre eginak;
poz-oihuka etorriko dira Sionera:
amaigabeko alaitasuna
haien aurpegian!
Zoriona eta alaitasuna
izango dituzte lagun;
nahigabeak eta negarra kito!