PATRIARKEN HISTORIA (12,1–50,26)

Abraham (12,1–23,20)

Jaunak Abrahami dei

1 Jaunak esan zion Abrami* 12,1 Abram: Abram zenari Abraham izena emango dio Jaunak gerora (ik. 17,5). Alabaina, tituluetan Abraham erabiliko dugu, hala egiten baitu I.B.k berak ere Has 12–16 kap.ak aipatzean (ik. Eg 7,2-3; Heb 11,8).:
«Utzi zeure lurra, zeure ahaideak
eta zeure aitaren etxea
eta zoaz nik erakutsiko dizudan
lurraldera.
2 Nazio handi eginen zaitut* 12,2 Nazio handi eginen zaitut: 12,2.3.7 tx.etan Jaunak Abrahami eginiko hiru agintzariak aurkitzen ditugu. Hasiera liburu guztian zehar behin eta berriro errepikatuko dira, irakurlearen begiak etorkizunera zuzenduz: 1. Nazio handi egin, erruz ugaldu (12,2). 2. Abrahamen bitartez herri guztiak bedeinkatu (12,2-3). 3. Kanaan lurraldea ondorengoei eman (12,7)..
Ospetsu bihurtuko dut zure izena.
Bedeinkatuko zaitut,
eta bedeinkazio-iturri izango zara.
3 Bedeinkatzen zaituena
bedeinkatu egingo dut;
madarikatzen zaituena, berriz,
madarikatu.
Zure bitartez bedeinkatuko ditut
lurreko herri guztiak».
4 Abiatu zen, beraz, Abram, Jaunak agindu bezala. Hirurogeita hamabost urte zituen Harandik atera zenean. 5 Berekin hartu zituen bere emazte Sarai, iloba Lot* 12,5 iloba Lot: Haran Abrahamen anaiaren semea (ik. 11,31)., Haranen lortutako ondasunak eta erositako esklaboak. Hala, Kanaan aldera jo zuten. Kanaanera iritsi zirenean,

Abraham Kanaan lurraldean

6 Abramek lurraldea igaro zuen Sikem* 12,6 Sikem: Jerusalemdik iparraldera, 50 km ingurura.deritzan lekuraino, Moreko arteraino. Kanaandarrak ziren garai hartan bertako bizilagun. 7 Jauna agertu zitzaion Abrami eta esan zion: «Hau da zure ondorengoei emango diedan lurraldea». Eta aldarea eraiki zion bertan Abramek agertu zitzaion Jaunari. 8 Handik, mendi aldera jo zuen, Betel-en* 12,8 Betel: Jerusalemdik iparraldera, 15 km ingurura; izenak Jainkoaren etxe esan nahi du (ik. 28,19 oh.).ekialdera. Han kokatu zuen oihal-etxola, Betel mendebaldera eta Ai ekialdera zituela. Beste aldare bat eraiki eta Jauna gurtu zuen. 9 Ondoren, geldialdiak eginez, Negev* 12,9 Negev: Palestina hegoaldean hedatzen den basamortua.aldera jo zuen.

Abraham Egipton

10 Gosetea izan zen lurralde hartan. Hain larria zenez, Egiptora joan zen Abram, atzerritar gisa bizitzera. 11 Hara iristear zegoela, Sarai bere emazteari esan zion: «Adizu, badakit emakume ederra zarela. 12 Egiptoarrek, ikus zaitzatenean, nire emaztea zarela uste izango dute eta hil egingo naute, eta zu bizirik utzi. 13 Esazu, arren, arreba zaitudala* 12,13 arreba zaitudala: 20,12 tx.aren arabera, Sara egiaz zen Abrahamen arreba., zuri esker bizirik utzi eta ongi har nazaten». 14 Abram Egiptora heldu bezain laster, ikusi zuten egiptoarrek oso ederra zela haren emaztea. 15 Ikusi zuten faraoiaren* 12,15 faraoia: Egiptoko erregeen titulua, jadanik K.a. XV. gizaldian erabilia. Etxe handi esan nahi du.zenbait zerbitzarik ere, eta haren edertasuna faraoiari aipatu zioten. Horrela, faraoiaren jauregira eraman zuten. 16 Oso tratu ona eman zioten Abrami Sarairengatik, eta ardiak eta behiak, astarrak eta astemeak, neskame-morroiak eta gameluak eskaini zizkioten oparitzat. 17 Jaunak, ordea, gaitz handiz zigortu zituen faraoia eta honen etxea, Abramen emazte Sarai zela eta. 18 Deitu zuen faraoiak Abram eta esan zion: «Zer egin didazu? Zer dela-eta ez didazu jakinarazi zeure emazte zenuela? 19 Arreba duzula esan didazu eta emaztetzat hartu dut. Horra zeure emaztea, hartzazu eta zoaz». 20 Eta Abram, bere emazte eta zituen guztiekin, bidaltzeko agindua eman zien faraoiak bere zerbitzariei.