1 2 3
1 Neure guardia-postuan egongo naiz,
neure dorrean zutik,
Jaunak zer esaten didan zain,
nire kexari zer erantzuten
ote dion* 2,1 zer erantzuten ote dion: Hebreerazkoak hau dio: zer erantsiko diot neure kexari?zain.

Jaunaren erantzuna: zapaltzailearen zigorra

2 Jaunak honela erantzun zidan:
«Idatzi agertuko dizudana,
ezarri taulatxoetan,
erraz irakurtzeko eran.
3 Ikuskari hau ez da beteko,
epea burutu arte,
baina badoa helbururantz,
ez du huts egingo.
Luzatzen bada, zuk itxaron,
iritsiko baita,
berandu gabe iritsi ere.
4 Harroak ez du bakerik bere baitan* 2,4 Harroak… baitan: H.h., Harrotua dago, haren arima ez da zintzoa berarengan.;
zintzoa, ordea,
bere leialtasunari esker biziko da».
5 Benetan, ardoa* 2,5 ardoa: Konkistatzailearen ausardia harroa aipatzen da. Qumrango komentarioak aberastasuna dio.engainagarri da:
harroputz hori
ez da berearekin irtengo.
Herio Leizeak bezala
zabaltzen du aho-zuloa
eta Herioak bezain aseezina da.
Nazio guztiak beretzat hartzen ditu
eta herri guztiak menderatzen.
6 Baina herriek iseka egingo diote
eta koplak aterako, denek batera.
Hara zer esango duten:
«Zoritxarrekoa zu,
besteren ondasunez
aberasten zaren hori
–noiz arte?–,
zeure zorra gero eta astunago
egiten ari baitzara!

Bost madarikazioak

7 Gutxien uste duzula
altxatuko zaizkizu hartzekodunak;
iratzarriko dira
eta astin-astin egingo zaituzte.
Zeu izango zara orduan
haien harrapakin.
8 Zuk hainbat herriri
harrapatu diozun bezala,
hala harrapatuko dizute
beste herriek zuri.
Eta hori,
isuri duzun giza odolarengatik,
herrialdeei, hiriei
eta bertako jendeari
egindako gogorkeriengatik.
9 «Zoritxarrekoa zu,
zoritxarrari ihes egin ustez
etxea bidegabeko irabaziz
aberastu duzun hori,
gordeleku segurua
eduki ahal izateko!
10 Zeure etxea lotsagarri
uztea lortu duzu;
hainbat herri suntsituz,
zeure burua galdu duzu.
11 Hormetako harriek ere
oihu egingo dute zure aurka,
eta zurezko habeek
oihartzun egingo diete.
12 «Zoritxarrekoa zu,
hiriak odol-isurketaz jasotzen
eta herriak bidegabekeriaz
handitzen dituzun hori!
13 Hauxe baitu erabaki
Jaun ahalguztidunak:
herrien lanak desegin ditzala suak,
haien ahaleginak
gerta daitezela alferrikako.
14 Bai, nola urak itsasoa,
hala beteko du lurra
Jaunaren aintzaren ezagupenak.
15 «Zoritxarrekoa zu,
ardo pozoitua edanaraziz
auzokoak mozkortzen dituzun hori,
horrela haiek
larrugorrian agerrarazteko!
16 Lotsaz bete zara, ez ohorez;
edan zuk ere,
eta agertu larrugorrian.
Jaunak bere haserre-kopatik* 2,16 agertu larrugorrian: H.h., erakutsi zeure zakil-muturra. Israeldarraren pentsamolderako, konkistatzailearen laidoa bikoitza da: batetik, larrugorri agertzea; bestetik, erdaindu gabe dagoela azaltzea, herri aukeratukoa ez dela, alegia. // haserre-kopa: H.h., eskuineko ontzia: Jainkoaren haserre eta zigorraren irudia da.
edanaraziko dizu
eta lotsa izango duzu ohore ordez.
17 Bai, Libanori egin zenion
gogorkeriak
azpian hartuko zaitu.
Egin zenuen abere-hilketak
izu-ikara emango dizu.
Eta hori,
isuri duzun giza odolarengatik,
herrialdeei, hiriei
eta bertako jendeari
egindako gogorkeriengatik.
18 «Ba al du zentzurik
artisauak idoloa egiteak,
metal urtuzko irudi
eta gezur-bide huts delarik?
Ba al du zentzurik artisauak
berak eginiko idolo mutuei
fede emateak?
19 «Zoritxarrekoa zu,
egur-puska bati: “Esna zaitez!”
eta harri mutuari: “Jaiki!”
esaten diezun hori!
Agertuko ote dizute horiek
mezurik?
Urrez eta zilarrez
jantziak daude, bai,
baina beren baitan ez dute
bizi-arnasarik.
20 Jauna, ordea,
bere tenplu santuan* 2,20 bere tenplu santuan: Jerusalemgo tenplua adierazten du, baina are gehiago Jainkoaren zeruko bizilekua.dago:
bego isilik lur osoa haren aurrean!»