← Aurrekoa Deuteronomioa 32 Hurrengoa →

Moisesen kantika

Jauna, Israelen babes-harkaitza

1 «Adi, zeruok,
eta mintzatuko naiz,
entzun, lurra, nire ahoko esanak;
2 jaits bedi nire irakaspena
euria bezala,
isur bitez nire esanak
ihintza bezala,
euri-lanbroa belarretan bezala,
langarra zelaian bezala.
3 Jaunaren izena aldarrikatuko dut:
aitortu handi dela gure Jainkoa.
4 Bera babes-harkaitza:
hark egina benetan bikaina,
haren jokabidea zuzen-zuzena;
Jainko leiala da bera,
bidegabekeriarik gabea,
zintzoa beti eta zuzena.
5 Akasgabe sortu zituen seme-alabak
gaiztotu egin zaizkio* 32,5 Akasgabe… zaizkio: Hebreerazko testua iluna da eta itzulpena ez erabat segurua.:
jende makur eta bide-galdua da.
6 Hori al da Jaunari erantzuteko era,
herri ergel eta zentzugabe hori?
Ez al da bera bizia eman dizun aita,
egin eta finkatu zaituena?
7 Gogoratu antzinako egunak,
pentsatu iraganeko urteetan;
galdegin aitari eta kontatuko dizu,
galdegin zaharrei eta azalduko:
8 Goi-goikoak,
herriak nor bere lurraldean jartzean,
gizateria munduan banatzean,
lur-mugak finkatu zizkien herriei,
bakoitzari
bere jainko zaindaria emanez* 32,8 bakoitzari bere jainko zaindaria emanez: Grekozko itzulpenean eta Qumrango eskuizkribuetan oinarrituriko itzulpena. Itzulpen honen arabera herri bakoitzak zerutar izaki bat, jainko nahiz aingeru, zuen zaindari (ik. 4,19; Sal 82,1; 89,7). Hebreerazko ohiko testuak hau dio: Israelen semeen kopuruaren arabera..
9 Baina Israel
bere herritzat aukeratu zuen,
Jakoben herria
bere oinorde berezitzat.
10 Basamortuan aurkitu zuen,
uluz beteriko bakardadean;
inguratu eta bere ardurapean
hartu zuen, begi-ninia bezala zaindu.
11 Arranoak, habiaren gain hegaldaka,
kumeak hegadarako
bizkortzen dituen bezala,
halaxe Jaunak ere: hegoak zabaldu,
israeldarrak hartu
eta luma gainean eraman zituen.
12 Jaunak bakarrik eraman zituen,
ez zuen berekin jainko arrotzik.
13 Mendi-gainetan ezarri zituen* 32,13 ezarri zituen: Jatorrizkoak zaldi gainean ibilarazi zituen dio; lurralde menditsuak eragiten duen irudia da, Jainkoak herria bertan kokatu zuela esateko.,
landako fruituz elikatu;
basaeztiz hazi zituen,
harkaitzetik sorturiko olioz;
14 behi-gaztanbera eta ardi-esnea,
bildots gizenen haragia,
aukerako ahariak eta akerrak,
ogi-irin garbi bikaina
eman zizkion janari
eta ardoa, mahats-odola, edari.

Israelen desleialtasuna

15 «Gizendu egin zen Jexurun* 32,15 Jexurun: Israel herria adierazteko izena, hemen eta 33,5.26 eta Is 44,2 tx.etan erabilia. Ez da segurua izenaren jatorria, ezta esanahia ere. Jaxar (zuzen) hitzarekin lot daiteke, eta kasu honetan ironiaz esana egongo litzateke, edota Xor (zezen) hitzarekin, gizendu eta gero egoskor bihurtzen den zezena gogoraraziz.
eta ostikoka hasi
–asebete zinen, gizendu,
lodi-lodi egin–;
bere egile zuen Jainkoa utzi zuen
eta salbatzaile zuen harkaitza
desohoratu.
16 Mindu egin zuten
jainko arrotzak gurtuz,
iraindu
beren jokabide higuingarriaz.
17 Deabruei eskaini zizkieten
sakrifizioak,
ezagutzen ez zituzten sasijainkoei,
arestian etorritako jainko berriei,
arbasoek inoiz gurtu ez zituztenei.
18 Sortu zaituztena, berriz,
zeuen Harkaitza,
mespretxatu egin duzue,
mundura ekarri zaituztena
ahazturik utzi.

Jainkoaren zigorra

19 «Seme-alaben iraina ikustean,
baztertu egin zituen Jaunak.
20 Esan zuen:
Ezkutatu egingo diet aurpegia,
eta ikusiko dut zer amaiera duten,
jende gaiztotua baita,
leialtasunik gabeko seme-alabak.
21 Jainko ez zirenengana joz
mindu ninduten,
beraien idolo hutsalez iraindu;
herri ez den batekin
minduko ditut nik ere,
nazio ergel baten bidez irainduko.
22 Sutan dago nire haserrea:
Herio Leize hondoraino iritsiko da
beronen garra,
lurra eta bertako emaitzak
irentsiko ditu,
mendien oinarriak kiskaliko.
23 Zoritxarrak bidaliko dizkiet
samaldan,
neure gezi guztiak jaurtiko.
24 Goseak akituko ditu,
sukar eta izurri gaiztoek erasango;
txikituko dituzten basapiztiak
bidaliko dizkiet,
pozoiz akabatuko dituzten sugeak.
25 Kalean ezpatak
kenduko dizkie seme-alabak,
etxe barruan ikara izango nagusi.
Denek izango dute zori bera,
mutil eta neskatxek,
bularreko haur eta agureek.

Jaunak Israelen etsaiak ere zigortu

26 «Israeldarrak sakabanatzea* 32,26 sakabanatzea: Grekozko itzulpenaren arabera; hebreerazko hitzaren esanahia ez da segurua.
pentsatu nuen,
berorien oroitzapena ere
gizartetik desagerraraztea;
27 baina etsaien irainen beldur nintzen,
arerioek, oker ulertuz,
hau pentsatuko zuten beldur:
“Geure ahalmenaz nagusitu gara,
hori ez da Jaunak egina”.
28 Zentzua galdu duen jendea da* 32,28 Zentzua galdu duen jendea da: Hebreerazko testuak ez du argitzen israeldarrei ala etsaiei buruz ari den. Testuinguruaren arabera etsaiei dagokie seguruenik.,
ezer ulertzeko gauza ez dena.
29 Jakinduriarik balute,
ohartuko lirateke beren azkenaz.
30 Nola daiteke, izan ere,
gizon batek mila pertsegitzea,
bi gizonek hamar milari
ihes eragitea,
babes-harkaitz duten Jaunak saldu
eta etsaien esku
utzi dituelako ez bada?
31 Ez dira, ez,
etsaien jainko babesleak* 32,31 etsaien jainko babesleak: H.h., haien harkaitzak.
gure Harkaitzaren pareko;
etsaiek berek aitor dezakete hori.
32 Sodoma eta Gomorraren* 32,32 Sodoma eta Gomorra: Hiriok moralgabekeriaren adibide gisa aipatzen dira Biblian zehar (ik. Has 18,21-22; 19,1-11).jatorriko
mahatsondo dira:
haien mahats-mordoak
garratz eta pozoitsu,
33 haien ardoa herensugearen pozoi,
sugegorriaren pozoi hilgarri.
34 Gogoan jasoa dut hori guztia,
neure artxiboan ongi gordea,
35 mendekatu eta merezia
emango diedan arte* 32,35 mendekatu eta merezia emango diedan arte: Hebreerazko zenbait eskuizkribu eta grekozko itzulpenaren arabera; hebreerazko ohiko testuak niri dagozkit mendekua eta zigorra dio (ik. Erm 12,19; Heb 10,30).,
Israelen etsaiek lur jo dezaten arte.
Hurbil dago haien hondamendia,
berandu gabe etorriko da
haientzat prestaturik dagoena.
36 (Defendatuko du Jaunak
bere herria,
gupidatuko da bere zerbitzariez).
Indarrak akitzen
ari zaizkiela ikustean,
denak, libre nahiz esklabo,
galtzear daudela,
37 esango die Jaunak:
“Non dira zuen jainkoak,
non babes-harkaitz zenituztenak?
38 Haiek jaten zituzten
zuen sakrifizioetako gantzak* 32,38 zuen sakrifizioetako gantzak: Ik. Lb 3,3 eta oh.,
haiek edaten isur-oparietako ardoa.
Ea, datozela zuei laguntzera,
izan ditzazuela gordeleku!”
39 Baina orain, begira:
Ni naiz, neu bakarrik,
ez da ni beste jainkorik!
Neuk ditut heriotza
eta bizia ematen,
neuk dut zauritzen eta sendatzen,
ez da inor nire eskutik libratzen.
40 Eskua zerurantz jaso
eta zin eginez diot:
Betiko bizi naizela bezain egia da,
41 nire ezpata distiratsua zorroztu
eta justiziari ekitean,
mendeku hartuko dudala
etsaien aurka
eta beren merezia emango
gorroto didatenei;
42 odolez mozkortuko dira nire geziak,
haragiz aseko nire ezpata,
hildakoen eta atxilotuen odolaz,
ile harroko etsaien buruez!

Kantikaren bukaera

43 «Naziook, egin poz-oihu
Jaunaren herriarekin,
bere zerbitzarien odola
mendekatu egingo baitu Jaunak;
mendekua hartuko du
etsaien aurka,
eta barkamena emango
bere lurralde eta herriari* 32,43 Grekozko itzulpenak bukaera hau luzeago dakar: Zeruok, poztu berarekin, eta gurtu bezate zerutar izaki guztiek. Naziook, egin poz-oihu herriarekin, eta izan bitez sendo harengan Jainkoaren aingeru guztiak; hark mendekatuko baitu bere seme-alaben heriotza: bere mendekua jasanaraziko die etsaiei eta ordaina emango gorroto diotenei; garbitu egingo du bere herriaren lurraldea. Bukaera luze honen zenbait zati Qumrango eskuizkribuetan ere azaltzen dira eta Erm 15,10 eta Heb 1,6 tx.etan aipatzen.».

Jaunaren legeak bizi-emaile

44 Moisesek, Nunen seme Josue* 32,44 Josue: Hebreerazkoak Oseas dio (ik. Zen 13,16 eta oh.).lagun zuela, kantikaren bertso guztiok adierazi zituen. 45 Eta Israel osoari zuzenduriko hitzaldi guztiok bukatzean, 46 esan zien: «Gogoan hartu nik gaur agindu dizuedan guztia, eta agindu zeuen seme-alabei lege honen xedapen guztiak betetzen saiatzeko, 47 ez baitira funsgabeko hitz zuentzat, zeuen bizi baizik; horien bidez, luzaro biziko zarete Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean».

Jaunak Moisesen heriotza iragarri

(3,23-27; Zen 27,12-14)

48 Egun hartan bertan, Jaunak esan zion Moisesi: 49 «Igo Abarim mendietara, Moab lurraldean, Jeriko parean, dagoen Nebo mendi-gailurrera, eta begira israeldarrei jabetzan ematen diedan Kanaan lurraldera. 50 Ondoren, mendi horretan hilko zara eta zure arbasoekin bilduko, zure anaia Aaron Hor mendian hil eta arbasoekin bildu zen bezala; 51 izan ere, desleial jokatu zenuten nirekin israeldarren aurrean, Tzin basamortuan, Kadexen dagoen Meribako iturrian, eta ez zenuten nire santutasuna aitortu. 52 Horregatik, urrutitik ikusiko duzu israeldarrei emango diedan lurraldea, baina ez zara bertan sartuko* 32,52 emango diedan lurraldea: Dt-an azken aldiz ageri da herriak lurraldea laster hartuko duela adierazten duen esaera (ik. 1,25 oh.). Jos 1,2.11.15 tx.etan azalduko da berriro. // ez zara bertan sartuko: Ik. 3,26 oh.».