← Aurrekoa Baruk 5
1 2 3 4 5
1 Jerusalem, erantzi
nahigabe eta zoritxarraren
soinekoa,
jantzi betiko Jainkoak damaizun
ospearen soineko ederra.
2 Estali osorik, soingainekoz bezala,
Jainkoak ematen dizun justiziaz;
ezarri buruan, koroa bezala,
Betikoaren ospea.
3 Jainkoak zure distira agertuko die
zerupean bizi diren guztiei,
4 eta izen hau emango dizu betiko:
«Justizian oinarrituriko Bake»,
«Jainkoarenganako leialtasunetik
sorturiko Poz».
5 Zutitu, Jerusalem, igo gainetara
eta begira ekialderantz:
ikusi zeure seme-alabak,
Santuaren hitzak
ekialdetik eta mendebaldetik
bildurik,
Jainkoa beraiez
gogoratu delako pozik.
6 Etsaiek bultzaturik,
oinez irten ziren zuregandik;
orain, ospez, errege-tronuan bezala,
dakarzkizu Jainkoak.
7 Jainkoak agindu du
mendi garai oro
eta betidaniko muinoak
apal daitezen,
eta sakanak bete, lurra berdintzeko,
Israel seguru ibil dadin,
Jainkoaren ospeak gidaturik.
8 Jainkoaren aginduz,
basoek eta usain gozoko zuhaitzek
gerizpe egingo diote Israeli bidean.
9 Jainkoak berak gidatuko du Israel,
pozez, bere ospearen argitan;
Jainkoarenak bakarrik diren
justizia eta errukia
izango ditu lagun.