Davidek Jaunari esker ona
1 Jaunak bere etsai guztietatik eta Saulen eskuetatik askatu zuenean, gorazarre* 22,1 Gorazarre hau eta Sal 18 ia testu bera dira.hau kantatu zion Davidek Jaunari:2 «Jauna da nire haitza,
nire geriza,
bera nire askatzailea,
3 ene Jainkoa
nire harkaitz babesgarri,
nire babeski eta indar salbatzailea,
nire gotorlekua,
nire ihesleku eta salbatzailea.
Zuk nauzu indarkeria-zaleengandik salbatzen.
4 Goretsia Zu!
Dei egin nion Jaunari,
eta etsaiengandik salbatu ninduen.
5 Herio-uhinek inguratu ninduten,
uholde gaiztoek ikaratu;
6 herio-leizeko lokarriek
ninduten lotu,
herio-sareek harrapatu.
7 «Larrialdian dei egin nion Jaunari,
dei ene Jainkoari.
Eta aditu zuen bere tenplutik
nire oihua,
haren belarrietaraino heldu zen
nire deiadarra.
8 Ikaratu zen lurra eta dardaratu,
zeruaren oinarriak mugitu,
Jainkoaren haserreak
baitzituen astindu.
9 Kea zerion sudurretik,
su kiskalgarria, ikatz goriak ahotik.
10 Ireki zuen zerua eta jaitsi zen,
oinpean hodei-lainoa zekarren.
11 Hegan zihoan
hegaldun izakien gainean,
haize-hegaletan agertu zen.
12 Bere inguruan
etxolatzat hartu zituen ilunpeak,
hodei-laino euritsuak.
13 Haren aurrean distira,
su-garretan ikatz goriak.
14 «Ortzitik trumoia
joarazi zuen Jaunak,
deiadar egin Goi-goikoak.
15 Geziak jaurtiz sakabanatu zituen,
tximista eginez ihes eragin.
16 Itsas hondoa agertu zen,
lurraren oinarriak agerian jarri
Jaunaren orroaz,
haren haserre-ziztuaz.
17 «Goitik eskua luzatuz hartu ninduen
eta uholdetik atera.
18 Etsai indartsuagandik
salbatu ninduen,
ni baino indartsuago ziren arerioengandik.
19 Lur joa nengoenean eraso zidaten,
baina Jauna izan nuen euskarri.
20 Zabaldira atera ninduen,
maite nauelako libratu.
21 «Neure zuzentasunaren ordaina
eman dit Jaunak,
neure jokabide garbiaren saria.
22 Jaunaren bideari jarraitu baitiot,
ez naiz Jainkoarengandik urrundu.
23 Haren aginduak oro
aurrean izan ditut beti,
eta ez naiz saihestu
haren arauetatik.
24 Haren aurrean zintzo izan naiz,
ez dut batere bekaturik egin.
25 Neure zuzentasunaren ordaina
eman dit Jaunak,
beraren begietan
garbi jokatu dut eta.
26 «Leialarentzat leial zara,
zintzoarentzat zintzo,
27 asmo garbikoarentzat garbi,
asmo txarrekoarentzat zorrotz.
28 Zuk duzu herri zapaldua salbatzen,
eta harroputzen handikeria makurrarazten.
29 Zu zaitut argi-zuzia, Jauna;
zuk argitzen duzu, Jauna,
nire ilunpea.
30 Zure laguntzaz
ihes eragiten diot gudari-taldeari,
zurekin, ene Jainko,
harresiak igarotzen gainetik.
31 «Jainkoaren bidea on-ona,
Jaunaren hitza sinesgarria.
Bera da
harengana jotzen dutenen babesa.
32 Nor Jainko, Jauna izan ezik?
Nor harkaitz babesle,
gure Jainkoa izan ezik?
33 Jainkoa dut gordeleku indartsu,
bide zuzenetik ibilarazten nau.
34 Oreinarenak bezain arin
dizkit oinak egin,
eta neure tontorretan
sendo nau ezarri.
35 Trebatzen dizkit eskuak gudurako,
eta besoak
brontzezko uztaia tenkatzeko.
36 Babeskiak bezala gorde nauzu
eta salbatu,
erantzun didazu eta indartsu egin.
37 Bidea zabalagotu didazu
eta nire oinak ez dira oztopatu.
38 «Etsaiak pertsegitu nituen
eta triskatu,
eta ez nintzen itzuli
denak suntsitu arte.
39 Suntsitu nituen eta desegin,
ez ziren aurrerantzean jaiki;
nire oinazpira erori ziren.
40 Indarrez jantzi ninduzun gudurako,
menpean jarri zenizkidan arerioak.
41 Nire etsaiak ihesi jarri zenituen,
gorroto nindutenak hondatu nituen.
42 Begiratu zuten, baina inork salbatu ez;
Jaunarengana jo,
baina hark entzun ez.
43 Lurreko hautsa bezala
xehatu nituen,
kaleko lokatza bezala
oinpean zapaldu.
44 «Ene herriaren liskarretatik
atera ninduzun,
atzerritarren buruzagi izendatu.
Herri ezezaguna
jarri zitzaidan zerbitzari,
45 arrotzek lausengatzen ninduten,
entzuten zidaten eta esana betetzen.
46 Atzerritarrak kikildu egin ziren,
eta beren gordelekuetatik
dar-darka irten.
47 «Gora Jauna,
bedeinkatua ene harkaitza!
Goretsia Jainkoa,
salbatzen nauen haitza!
48 Ene Jainko, zuk mendekatu nauzu,
herriak menpean jarri dizkidazu.
49 Etsaien artetik atera nauzu,
oldartzen zaizkidanen gainetik jaso,
gizon zakarrarengandik askatu.
50 «Horregatik, Jauna,
atzerritarren artean goresten zaitut,
zure omenez kantatzen dut.
51 Garaipen handiak eman dizkio
bere erregeari,
maitasunez jokatu du
bere gantzutuarekin,
Davidekin
eta beraren ondorengoekin betiko».