← Aurrekoa 2 Kronikak 18 Hurrengoa →

Erregearen adiskide ziren profetek garaipena iragarri

(1 Erg 22,6-12)

5 Bildu zituen Israelgo erregeak profetak, laurehun lagun, eta galdegin zien: –Joango al gara Galaadeko Ramoti erasotzera, bai ala ez? Haiek erantzun zioten: –Eraso! Zeure eskuetara emango dizu Jaunak. 6 Josafatek, ordea, galdetu zuen: –Ez al da hemen Jaunaren beste profetarik, beraren bidez Jaunari kontsulta egiteko? 7 Israelgo erregeak erantzun zion Josafati. –Bai, bada beste gizon bat: Mikeas, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari horren bidez; baina nik gorroto dut, gauza txarrak bakarrik iragartzen baitizkit, onak iragarri beharrean. Josafatek esan zion: –Ez zaitez horrela mintza, errege jauna. 8 Israelgo erregeak funtzionario bati dei egin eta agindu zion: –Bizkor, etorrarazi Mikeas, Imlaren semea! 9 Israelgo erregea eta Judako Josafat, errege-jantzitan, aulki banatan zeuden, Samariako sarrera aurreko zabalgunean. Haien aitzinean, han ari ziren profeta guztiak profeta-jardunean. 10 Haietarik batek, Kenaanaren seme Sedekias deituak, eginak zituen burdinazko adar batzuk eta honela zioen: «Hau dio Jaunak: “Adar hauez adarkatuko dituzu siriarrak, desegin arte”». 11 Halaxe zioten gainerako profeta guztiek ere: «Eraso Galaadeko Ramoti! Onik aterako zara. Eskura emango dizu Jaunak hiria!»