← Aurrekoa 2 Kronikak 18 Hurrengoa →

Mikeas profetak hondamendia iragarri

(1 Erg 22,13-28)

12 Bitartean, Mikeasen bila joana zen mezulariak esan zion profetari: –Hara, profeta guztiak aho batez zoriona iragartzen ari zaizkio erregeari. Zure hitza ere betor bat haienarekin. Iragar ezazu zoriona zuk ere. 13 Mikeasek erantzun: –Ala Jauna! Ene Jainkoak esango didana iragarriko dut. 14 Mikeas heldu zenean, esan zion erregeak: –Mikeas, joan al gaitezke Galaadeko Ramoti erasotzera, bai ala ez? Mikeasek erantzun: –Bai, bai, eraso! On egingo dizue! Eskura emanen dizue Jaunak. 15 Erregeak, orduan: –Zenbat aldiz zin eragin behar dizut egia baizik ez esateko Jaunaren izenean? 16 Mikeasek erantzun:
«Mendietan barreiatua
ikusi dut Israel osoa,
artzainik gabeko ardiak bezala.
Hona zer dioen Jaunak:
“Ez du jaberik jende horrek,
itzul bedi nor bere etxera bakean”».
17 Orduan, Israelgo erregeak esan zion Josafati: –Ez al dizut esan ez didala horrek ezer onik iragartzen, txarra baizik? 18 Mikeasek, berriz, honela jarraitu zuen: –Entzun, bada, Jaunaren hitza. Bere aulkian jarria ikusi dut Jauna, zeruko bere zerbitzari guztiak ezker-eskuin zutik zituela. 19 Honela zioen Jaunak: «Nork konbentzituko ote luke Israelgo errege Akab Galaadeko Ramoti erasotzeko, eror dadin?» Batek gauza bat zioen eta bestek bestea. 20 Orduan, espirituetariko batek aurreratu, Jaunaren aitzinean gelditu eta esan zuen: «Neuk konbentzituko dut». Jaunak galdetu zion: «Nola?» 21 Hark erantzun: «Erregearen profeta guztiei gezurra esanaraziko diet». Jaunak, orduan: «Konbentzituko duzu, bai. Baduzu horretarako ahalmena. Zoaz eta egizu horrela». 22 Beraz, Jaunak, zure profeta hauen guztien ahoan gezur-espiritua ezarri duenez, garbi dago, erabakia duela zure hondamena. 23 Orduan, Kenaanaren seme Sedekiasek masailekoa eman zion Mikeasi, esanez: –Nondik atera zait niri Jaunaren espiritua, zuri mintzatzeko? 24 Mikeasek erantzun: –Zeuk ikusiko duzu, gelaz gela gordeka joan beharko duzun egunean. 25 Orduan, Israelgo erregeak agindu zuen: –Heldu Mikeasi! Eraman hiriko gobernari Amonengana eta Joax printzearengana. 26 Eta esan hau agintzen dudala: Giltzapean sartu eta emateko ogia eta ura neurtua, harik eta ni borrokatik garaile itzuli arte. 27 Mikeasek esan zuen: –Benetan, zu garaile itzultzen bazara, Jaunak ez du nire ahoz hitz egin* 18,27 nire ahoz: Ik. 1 Erg 22,28 oh. Hebreerazko testuan honela bukatzen da testu hau: Entzun, herri guztiok. Mikeas profetaren liburuko lehen hitzak dira, eta kopiatzaileren batek sartuko zituen hemen, bi profetek (Josafati 867an mintzo zitzaionak eta, 740tik 710era, Jotam, Akaz eta Ezekias erregeen garaian ari izan zenak) izen bera –Mikeas– zutelako..