← Aurrekoa 2 Erregeak 20 Hurrengoa →

Ezekiasen gaixoaldia eta sendakuntza

(Is 38,1-8; 2 Kro 32,24)

1 Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Amotzen seme Isaias profetak berarengana joan eta esan zion: –Hau dio Jaunak: «Konpondu etxeko arazoak, hil egingo zara eta. Ez zara luzaro biziko». 2 Ezekiasek aurpegia paretari eman eta honela egin zion otoitz Jaunari: 3 «Arren, Jauna! Oroit zaitez leial eta zintzo jokatu izan dudala beti zurekin, atsegin zaizuna eginez». Eta negarrari eman zion saminki. 4 Orduan, esan zion Jaunak Isaiasi, hau jauregitik tenplua bitartean zelarik: 5 «Itzul zaitez eta esan ene herriaren buruzagi den Ezekiasi: “Hona zer dioen Jaunak, zure arbaso Daviden Jainkoak: Aditu dut zure eskaria eta ikusi ditut zure malkoak. Sendatu egingo zaitut. Hiru egun barru igo ahal izango zara Jaunaren etxera. 6 Beste hamabost urtez luzatuko dizut bizia. Libratuko zaituztet zu eta Jerusalem Asiriako erregearen eskuetatik eta babestuko dut hiri hau, naizena naizenagatik eta neure zerbitzari Davidengatik”». 7 Orduan, Ezekiasi pikuz eginiko enplastoa ekartzeko agindu zuen Isaiasek eta, zauriaren gainean ezarri ziotelarik, sendatu egin zen* 20,7 zauriaren gainean ezarri: Piku-enplastoa zaurien sendabidetzat ematen da antzinako zenbait testutan. // sendatu egin zen: Is 38,21 tx.ean senda zedin dator; egokiagoa litzateke azken hau, 20,8 kontuan hartuz gero.. 8 Ezekiasek galdetu zion Isaiasi: –Zein izango dut ezaugarria, Jaunak sendatuko nauela eta hiru egunen buruan Jaunaren etxera igo ahal izango naizela jakiteko? 9 Isaiasek erantzun: –Hona hemen Jaunak emango dizun ezaugarria, agindutakoa beteko duela adierazteko: zer duzu nahiago, itzalak hamar maila* 20,9 hamar maila: Maila hauek mailadi edo eskailera batekoak ez, baizik eta eguzki-ordulariarenak ziren. Hala uste izan da behintzat. Halere, kontuan hartu behar da Qumran-eko Is liburu-bilguan Akazen goiko gelarako mailadia aipatzen dela (ik. 23,12).gora ala behera egitea? 10 Ezekiasek esan zuen: –Erraza da itzalak hamar maila behera egitea; ez, ordea, gora egitea. 11 Orduan, Isaias profetak otoitz egin zion Jaunari eta ordurako jaitsiak zituen hamar mailak berriro igoarazi zizkion Jaunak itzalari Akazen mailadian* 20,11 Akazen mailadia: Baliteke mailadi hau denbora neurtzeko erabilia izatea (ik. 20,9 oh.)..