Lebitarrek Jauna goretsi
(Sal 105,1-15; 96,1-13; 106,47-48)
4 Lebitar batzuk izendatu zituen Davidek Jaunaren kutxa aurrean zerbitzaldia egin eta Jauna, Israelen Jainkoa, ohora, ospa eta gorets zezaten. 5 Asaf zen zuzendaria, Zakarias laguntzailea; Jeielek, Xemiramotek, Jehielek, Matitiasek, Eliabek, Benaiasek, Obed-Edomek eta Jeielek musika-tresnak, harpak eta zitarak jotzen zituzten, eta Asafek berak jotzen zituen txilinak. 6 Benaias eta Jahaziel apaizek etengabe jotzen zuten turuta Jainkoaren itun-kutxaren aitzinean. 7 Egun hartan agindu zien lehen aldiz Davidek Asafi eta beronen ahaideei kanta ziezaiotela Jaunari gorespen kantu hau:8 «Goretsazue Jauna, dei egin berari,
jakinarazi herrien artean
haren egintza bikainak.
9 Kanta iezaiozue,
jo soinua berarentzat,
kontatu haren egintza mirariak.
10 Harro zaitezte hartaz,
Jainko santuaz,
poztu, Jaunaren bila zabiltzatenok!
11 Jo ezazue Jaunarengana,
indartsuagana,
bila etengabe haren aurpegia.
12 Izan gogoan
hark egindako miragarriak,
haren egintza harrigarriak
eta agindu zuzenak,
13 zuek, haren zerbitzari
Israelen jatorrikook,
Jakoben ondorengook,
haren aukeratuok!
14 «Bera da Jauna, gure Jainkoa,
lur osoaren gobernaria.
15 Gogoan du etengabe bere ituna,
mila gizalditarako hitzemana:
16 Abrahamekin eginiko ituna,
Isaaki emaniko zin-hitza.
17 Jakobi legetzat ziurtatua,
Israeli betiko ituntzat emana,
18 hau esatean:
“Zuei dizuet emango
Kanaan lurraldea,
hauxe da zuen ondare-zatia”.
19 «Gutxi batzuk besterik ez ziren,
etorkin-taldetxo bat besterik ez;
20 nazio batetik bestera ibili ziren,
erreinuz erreinu.
21 Baina Jainkoak ez zuen utzi
inork zapal zitzan,
haiengatik erregeak
mehatxatu zituen:
22 “Ez ukitu nire aukeratuak,
ez egin kalterik nire profetei”.
23 «Kanta Jaunari, lurtar guztiok,
hots egin egunez egun salbatzaile dela.
24 Zabaldu haren ospea atzerrietan,
haren mirariak herri guztietan!
25 Handia baita Jauna,
guztiz goresgarria,
jainko guztien aldean beldurgarria.
26 Huts dira
atzerritarren jainko guztiak;
Jaunak, ordea, zeruak egin ditu.
27 Distira eta handitasuna
ditu inguruan,
indarra eta poza bere bizilekuan.
28 Goretsi Jauna, munduko herriok,
goretsi Jaunaren ospea eta indarra,
29 goretsi Jaunaren izen ospetsua!
Sartu haren aurrera
eskaintzak eramanez,
adora Jauna,
bere santutasunez agertzean.
30 «Ikara zaitezte haren aitzinean,
lurtar guztiok!
Sendo ezarri du mundua,
ez du koloka egingo.
31 Poz bedi zerua, alaitu lurra,
esan atzerrietan: “Errege da Jauna”!
32 Egin beza burrunba itsasoak
eta bertako guztiak,
egin festa landa zabalak
eta bertan dagoenak,
33 poz-oihu basoko zuhaitzek oro,
lurra gobernatzera datorren
Jaunaren aurrean.
34 Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.
35 Esaiozue: “Salba gaitzazu,
Jainko salbatzaile horrek.
Aska gaitzazu
eta bildu nazioen artetik,
zure izen santuari eskerrak emanez,
zure gorespena harro abes dezagun.
36 Bedeinkatua Jauna,
Israelen Jainkoa,
betidanik betidaino!”» Orduan herri osoak esan zuen: «Amen! Gora Jauna!»