Salomonen otoitza

(2 Kro 6,12-42)

22 Salomonek, Jaunaren aldare aurrean zutik, israeldarren biltzar osoaren aitzinean, eskuak zerurantz zabalik, 23 otoitza egin zuen: «Jauna, Israelen Jainkoa, ez da zu bezalako beste jainkorik, ez goian zeruan, ez behean lurrean. Betetzen duzu ituna eta onbera zara zure aurrean bihotzez zintzo dabiltzan zeure mirabeentzat. 24 Bete duzu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitzeman zeniona; zeure ahoz hitzemana zeure eskuz bete duzu, gaur ikus dezakegunez. 25 Beraz, Jauna, Israelen Jainkoa, bete ezazu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitzeman* 8,25 Davidi… hitzeman: Berriro promesa aipatzen da (ik. 2,4 oh.).zenion beste hau ere: “Ez zaizu faltako nire laguntzaz Israelgo errege-aulkian eseriko den ondorengorik, baldin eta zure semeak nire aurrean bide zuzenean ibiltzen badira, zu ibili zaren bezala”. 26 Beraz, oi Israelen Jainko, bete ezazu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, eman zenion hitza. 27 «Baina egia ote, Jainkoa lurrean biziko dela? Zeru eta ortziaren zabalak ezin zaitu eduki, eta nik eraiki dizudan tenplu honek eduki ote zaitzake, bada? 28 Hala ere, Jauna, ene Jainkoa, adi ezazu zeure zerbitzari honen otoitza eta eskaria; entzun gaur zure aurrean egiten dudan oihua eta erregua. 29 Begira etxe honi gau eta egun, zure bizilekua berau izanen dela esan baituzu. Entzun, zure zerbitzariak toki honetarantz begira eginiko otoitza. 30 Entzun, arren, zure zerbitzari honek eta zure herri Israelek toki honetarantz begira zuzenduriko eskaria. Entzun bizi zaren toki horretatik, zerutik. Entzun eta barkatu. 31 «Baten batek bere lagun hurkoari kalte egin eta honek madarikaziopean zin egitera behartuko* 8,31 zin egitera behartuko: Jainkoaren epaia deitzen ziren haietako bat da hau. Auzia zuten biek madarikazioak bota ohi zituzten, batak kalte egin omen zionaren kontra eta besteak bere buruaren kontra, baina errugabe zela adierazteko. Auzia erabaki dezala eskatzen dio Salomonek Jainkoari, erruduna zein den agerraraziz eta madarikazioa beraren gainera botaz.balu, eta hau tenplu honetako zure aldare aurrean zin egitera etorriko balitz, 32 entzun zuk zerutik eta erabaki bien arteko auzia: gaitzetsi erruduna, bere jokabide okerra egotziz, eta agertu zein den zuzena, bere jokabide zuzenaren arabera hartuz. 33 «Zure herri Israel, zure aurka bekatu egiteagatik etsairen batek menderatzean, zuregana itzultzen bada eta, zuri dei eginez, tenplu honetan eskatu eta otoitz egiten badizu, 34 entzun zuk zerutik, barkatu zeure herri Israelen bekatua, eta itzularazi beraren arbasoei eman zenien lurraldera* 8,34 arbasoei eman zenien lurraldera: Jainkoak Abrahami, Isaaki eta Jakobi eginiko promesa (ik. orobat 36,40.48) aipatzen da Salomonen otoitzean (ik. Has 12,2; Jos 5,6; 11; 13; 18,13; Ep 2,1 oh.).. 35 «Herriak zure kontra bekatu egin duelako zerua itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badute, eta zuk emaniko zigorrarengatik beren bekatuaz damutzen badira, 36 entzun zuk zerutik, barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi ibili behar duten bide zuzena, eta isurarazi euria zeure herriari ondaretzat eman zenion lurrera. 37 «Lurralde honetan gosea edota izurritea izatean, gorrinak nahiz herdoilak, larrapoteak nahiz harrak jotzean, etsaiak hiriren batzuei erasotzean, edonolako ezbehar nahiz gaitzalditan, 38 norbaitek nahiz Israel zeure herri osoak, bihotzean daukan okerraz oharturik, tenplu honetarantz eskuak luzatuz, edozein otoitz nahiz eskari egiten badizu, 39 entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta barkatu. Egizu har dezala nork bere jokaeraren ordaina, ongi baitakizu halakoaren barruaren berri; izan ere, zuk bakarrik dakizu gizon-emakume guztien barruaren berri. 40 Horrela, begirune izanen dizute, gure gurasoei eman zenien lurrazalean biziko diren bitartean. 41 «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat 42 –izan ere adituko dute zure izen handiaren, zure egintza ahaltsuen berri* 8,42 zure egintza ahaltsuen berri: H.h., zure esku indartsuaren eta zure beso ahaltsuaren berri.– tenplu honetara otoitz egitera etortzen bada, 43 entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta egiozu atzerritar horri eskatuko dizun guztia. Horrela, lurreko herri guztiek jakingo dute zure izenaren berri eta begirune izanen dizute, zeure herri Israelek bezala. Gainera, jakingo dute, nik eraiki dizudan tenplu honetan egiten zaiola dei zure izenari. 44 «Zure herriak, zuk agindutako bidetik etsaia borrokatzera joatean, zuk aukeratu duzun hiri honetarantz eta nik eraiki dizudan tenplu honetarantz begira, zuri, Jaun horri, otoitz egiten badizu, 45 entzun zuk zerutik beraren otoitza eta eskaria, eta emaiozu garaipena. 46 «Zure kontra bekatu egitean –ez baita inor bekatu egiten ez duenik–, zuk, haien kontra haserreturik, etsaien esku utziko dituzu, eta menderatzaileek urrutiko nahiz hurbileko lurralde etsairen batera eramango dituzte* 8,46 eramango dituzte: Herria Jainkoarekiko desleiala denean, etsaiek erbestera eramango dutenaren mehatxua dago beti (ik. Lb 26,33-34; Dt 28,63-64; 30,1-2); 2 Erg 17,20 eta 2 Erg 24,20 pasarteetan mehatxu hori nola bete zen agertuko da.. 47 Orduan, eramango dituzten lurralde horretan, beren baitan hausnartuz, zuregana itzuli eta beren menderatzaileen lurraldean otoitz egingo dizute esanez: “Bekatu egin dugu, gaiztakeria egin dugu, errudun gara!” 48 Horrela, etsaiek atzerriratuko dituzten lurralde horretan, beren bihotz osoz eta gogo guztiz zuregana itzuli eta beren gurasoei eman zenien lurralderantz begira, zuk hautatu duzun hirirantz begira eta nik eraiki dizudan tenplurantz begira otoitz egiten badizute, 49 entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, beraien otoitza eta eskaria, eta egiezu zuzenbide. 50 Barkatu zeure herriari zure kontra egin duen bekatua, zure kontra egin dituen bihurrikeria guztiak, eta egizu menderatzaileek har dezatela errukiz, urrikal daitezela hartaz. 51 Zeure herri baituzu Egiptotik, burdin labe goritik* 8,51 burdin labe goritik: Antzina inon ez zen lortzen burdin labean baino bero handiagorik. Esaera horrek esklabotza zeinen gogorra eta garratza izan zen adierazi nahi du.bezala, atera zenuen ondare hau. 52 «Hartzazu, beraz, onez zeure zerbitzari honen eskaria eta zeure herri Israelen otoitza; entzun iezaiezu dei eginen dizuten bakoitzean. 53 Izan ere, Jainko Jauna, lurreko herri guztien artetik ondaretzat bereizi baitzenituen, zeure zerbitzari Moisesen bitartez esan zenuen bezala, gure gurasoak Egiptotik atera zenituenean».