Jaunak zorion-agintzaria Jerusalemi
1 Jaun ahalguztidunak mezu hau eman zidan:2 «Honela dio Jaun ahalguztidunak:
Maitasun biziz maite dut Sion,
maitasun garretan nago
berarengatik.
3 Honela diotsuet nik,
Jaun ahalguztidun honek:
Itzuliko naiz Sionera,
Jerusalemen naiz biziko,
Jerusalem “Hiri Zintzo” deituko da;
Jaun ahalguztidunaren Sion mendia
“Mendi Santu”.
4 Honela diotsuet nik,
Jaun ahalguztidun honek:
Berriro jesarriko dira
adineko gizon-emakumeak
Jerusalemgo kaleetan,
nork bere makila eskuan,
zaharraren zaharrez;
5 hiriko kaleak neskato-mutikoz
beteko dira, plazetan jolas eta jolas.
6 Honela diotsuet nik,
Jaun ahalguztidun honek:
Egun haietan,
herri honetan bizirik geldituek
hau ezinezkotzat jotzen badute ere,
ez da niretzat ezinezko izango.
7 Honela diotsuet nik,
Jaun ahalguztidun honek:
Neuk salbatuko dut neure herria;
sortalde eta sartaldeko
lurraldeetatik
8 ekarriko ditut,
Jerusalemen bizi daitezen.
Neure herri izango ditut nik,
beren Jainko izango naute haiek,
leialtasunez eta zuzentasunez.
9 «Honela diotsuet nik,
Jaun ahalguztidun honek:
Izan bihotz,
Jaun ahalguztidunaren
etxea jasotzeko
oinarriak jarri ziren egun haietan
profeten ahotik
hitz hauek entzun zenituztenok.
10 Artean, ez zegoen lan-irabazirik
ez abereentzat, ez gizakientzat;
ez zen bake segururik
batetik bestera ibiltzeko,
etsaiengatik.
Neuk xaxatzen nituen guztiak
bata bestearen aurka.
11 Orain, ordea, ez dut jokatuko
lehengo aldietan bezala
herri honetan bizirik geldituekin.
Hala agintzen dizuet nik,
Jaun ahalguztidun honek.
12 Izan ere, bakea ereingo dut* 8,12 bakea ereingo dut: H.h., bake-hazia (ereitea) izango da.,
mahastiak emango du bere fruitua,
lurrak bere ekarria
eta zeruak bere ihintza;
herri honetan bizirik geldituei
emango diet hori guztia.
13 Juda eta Israel,
nazioen begietan madarikatuak
izan zareten bezala,
bedeinkatuak izango zarete
nik salbatuko zaituztedanean.
Ez beldurtu, izan bihotz!
14 «Honela diotsuet nik,
Jaun ahalguztidun honek:
Zuen gurasoek ni haserre jartzean,
zuei kalte egitea erabaki nuen,
eta ez nintzen damutu;
15 baina, egunotan,
aldatu egin dut neure erabakia,
Jerusalemi eta Judari on egiteko.
Ez izan, bada, beldur!
16 Hauxe egin behar duzue:
esan egia lagun hurkoari,
epaitu zuzenbidez
zeuen auzitegietan,
17 ez erabili asmo txarrik
elkarren aurka,
ez egin gezurrezko zinik,
gorroto baitut hori guztia.
Nik, Jaunak, esana». 18 Jaun ahalguztidunak mezu hau eman zidan: 19 «Honela dio Jaun ahalguztidunak: Laugarren, bosgarren, zazpigarren eta hamargarren* 8,19 7,3 eta 7,5 tx.etan (ik. oh.ak) aipaturiko barauez gainera, beste bi ditugu hemen: laugarren hilekoak Jerusalemgo harresietan eginiko lehen zuloa gogoratzen zuen (ik. Jr 52,6-7), eta hamargarrenekoak Jerusalem setiatzen hasi zireneko data (ik. 2 Erg 25,1-4).hilebeteetako barauak jai zoriontsu bihurtuko dira Judarentzat, poz eta alaitasunez beteak. Zuek, ordea, egia eta bakea behar dituzue maite. 20 Honela diotsuet nik, Jaun ahalguztidun honek: Etorriko dira oraindik Jerusalemera herriak eta hiri handietako bizilagunak; 21 hiri batekoak bestekoengana joango dira eta esango diete: “Goazen Jaunaren bila, berari mesede eske”. Eta erantzungo diete: “Bai, bagoaz gu ere”. 22 Herri asko eta nazio indartsuak etorriko dira horrela Jerusalemera, nire, Jaun ahalguztidun honen, bila eta niri mesede eske. 23 «Honela diotsuet nik, Jaun ahalguztidun honek: Egun haietan, hizkuntza arrotz bakoitzeko hamar gizonek soineko hegaletik judu bati heldu eta esango diote: “Zuekin joan nahi dugu, Jainkoa zuekin dagoela jakin baitugu” ».