1 Askok egin dute bekatu irabazi-gosez,
aberastu nahi duena ez da beste ezertaz arduratzen* 27,1 ez da beste ezertaz arduratzen: H.h., begirada saihesten du; edo Jaunaren begirunetik (ik. 3. tx.) edo behartsuen premietatik (ik. 4,5)..
2 Bi harriren artean taketa sartzen den bezala,
salmentaren eta erosketaren artean bekatua.
3 Jaunarenganako begiruneari tinko atxikitzen ez zaionak
azkar asko ikusiko du bere etxea hondatua.

Bere hitzetan agertzen gizakia

4 Galbaheari eragindakoan hondarrak agertzen dira,
eta azterketa egitean gizakiaren akatsak.
5 Labeak probatzen ditu eltzegilearen ontziak,
eta beronen arrazoiketak gizakiaren balioa.
6 Fruituak erakusten du nola zaindu duten arbola,
eta hitzak gizakiaren barruko gogoetak.
7 Ez goratu inor hitz egiten entzun baino lehen,
horretan probatzen baitira gizakiak.

Justizia

8 Justiziaren bila saiatzen bazara, lortuko duzu
eta gainjantzirik bikainena bezala jarriko soinean.
9 Txoriek beren espeziekoekin egiten dute habia,
eta leialtasunak bera praktikatzen dutenekin.
10 Lehoia harrapakinaren zelatan egoten da,
eta bekatua bidegabekeria praktikatzen dutenen zain.
11 Zintzoaren hizketa jakintsua izaten da beti;
zentzugabea, berriz, ilargia bezala aldatzen.
12 Zentzugabeen artean, ez galdu denborarik;
egon luzaro, ordea, burutsuen artean.
13 Txoroen hizketa amorragarri gertatzen da;
haien barrea bekatuzko bizieraren ondorio.
14 Etengabe biraoka ari denak ileak tente jarrarazten ditu,
halakoen istiluetan belarriak estali behar.
15 Harroen istiluek odol-isurketa ekartzen dute,
tamalgarria da haien irainak entzutea.

Isilpekoak

16 Isilpekoak azaltzen dituenak konfiantza apurtzen du,
ezin izango du adiskide minik aurkitu.
17 Maitatu laguna eta fida zaitez berarekin;
baina, haren isilpekoak azaltzen badituzu,
ez joan gero haren bila;
18 zeren eta, heriotzak eramandakoa* 27,18 heriotzak eramandakoa: H.h., gizakiak bere hildakoa galtzen duen bezala; bere hildako hori berari hil zaiona edo berak hil duena izan daiteke.galtzen den bezala,
berdin galdu baituzu lagunaren adiskidetasuna.
19 Eskutik jaregindako txoria galtzen duzun bezala
galdu duzu adiskidea, eta ez duzu berriz zeureganatuko.
20 Ez joan haren bila, jadanik urrutiegi alde egin du eta,
gazelak saretik bezala egin du ihes.
21 Lot daiteke zauria
eta laidoen ondoren badago baketzerik;
baina inolako itxaropenik ez
isilpekoak azaldu dituenarentzat.

Itxurakeria eta bikoizkeria

22 Begi-keinuka diharduena asmo txarrez dabil,
ezagutzen duena aldendu egiten zaio* 27,22 ezagutzen… zaio: Eskuizkribu askok honela diote: inork ezin izango du horretatik aldendu..
23 Zure aurrean ezti-ezti jartzen zaio ahoa
eta zure hitzen aurrean miresmena agertzen;
baina atzetik hizkera aldatzen du
eta zure hitzak zure galbide bihurtzen* 27,23 eta zure… bihurtzen: Honela ere itzul daiteke: eta zure pentsaera desitxuratuko du edota zure hitzak eskandalu-bide bihurtuko..
24 Gauza asko gorrotatzen dut nik,
baina ezer ez hori adina; Jaunak ere gorroto du.
25 Harria airera botatzen duenak bere gainera botatzen du,
kolpe maltzurrak zauriak erakartzen ditu.
26 Zuloa egiten duena bertan jausiko da,
sarea prestatzen duena bertan geldituko harrapaturik.
27 Gaizkia egiten duenari bere kontra itzultzen zaio,
nondik datorkion jakin gabe ere.
28 Iseka eta iraina harroaren gauza dira,
baina mendekua du zelatan lehoia bezala.
29 Sarean jausiko dira zintzoen erorketaz pozten direnak,
oinazeak irentsiko ditu hil baino lehen.

Barkamena

30 Amorrua eta haserrea higuingarriak dira;
berauetan maisu da gizon bekataria.