Jesusek itsua sendatu Jerikon
(Mt 20,29-34; Mk 10,46-52)
35 Jesus Jerikora hurbildu zelarik, itsu bat eskean zegoen bide-ertzean eserita. 36 Jendea igarotzen sumaturik, zer gertatzen zen galdetu zuen. 37 Jesus Nazaretarra igarotzen zela jakinarazi zioten. 38 Orduan, deiadarka hasi zen: –Jesus, Daviden Semea, erruki zakizkit! 39 Aurretik zihoazenek gogor egiten zioten, isil zedin; baina hark areago oihu: –Daviden Semea, erruki zakizkit! 40 Jesusek, gelditurik, beregana ekartzeko agindu zuen. Hurbildu zenean, galdetu zion: 41 –Zer nahi duzu niregandik? Hark erantzun: –Berriro ikustea, Jauna! 42 Jesusek esan zion: –Ikusi, bada; zeure sinesmenak sendatu zaitu. 43 Bat-batean, ikusmena etorri zitzaion berriro, eta Jesusen ondoren zihoan, Jainkoa goretsiz. Eta herri osoak, gertatua ikusirik, Jainkoa goratu zuen.