Babilonia erori

1 -2 Babiloniaren aurkako mezua* 21,1-2 Babiloniaren: H.h., Itsas basamortuaren. Segur aski, deitura hau Babiloniako hegoaldea adierazten zuen Itsas lurraldea asiriar deiturari dagokio. Babiloniaren aurkako mezua Isaiasen garaiari baino hobeto pertsiar eta mediarren eskuetan Babilonia erori zeneko garaiari (K.a. 539) dagokio.. Ikaragarria Jainkoak agertu didana:
hor dator basamortutik,
lurralde beldurgarritik,
Negev aldean sortzen diren
haize-zurrunbiloen antzera,
traidorea traizio eginez,
hondatzailea hondamena zabalduz.
Egin eraso, elamdarrok!
Setiatu hiria, mediarrok!
Jainkoak isilarazten ditu aieneak!
3 Hori dela eta, dardara batean nago,
minez josia,
erdiminetan dagoen
emakumea bezala.
Entzuteak ere larritzen nau,
ikusteak izutzen.
4 Burua galtzear nago, larriaren larriz.
Hain maitea nuen
arratseko hozkirria ere
beldurgarri bihurtu zait.
5 Mahaia atondua dago,
alfonbrak zabalik:
jan eta edan ari dira denak* 21,5 jan eta edan ari dira denak: Dn 5 eta Herodotok jasotako tradizioaren arabera, erregea festan eta jan-edanean ari zen gau batean erori zen Babilonia pertsiarren esku..
–Zutik, gudalburuok,
prestatu babeskiak!
6 Hau esan dit Jaunak:
«Ea, jar ezazu begiralea;
ikusitako guztia iragar dezala.
7 Egon bedi erne, argi eta erne,
ea ikusten duen
bi zaldiko gurdiren bat,
eta jendea asto gainean
nahiz gamelu gainean».
8 Begiraleak oihu egin zuen:
«Hemen nago, Jauna,
egun osoan neure tokian,
eta gauez ere
neure guardia-postuan erne.
9 Eta horra non datorren gizon bat
bi zaldiko gurdi gainean.
Hau dio ozenki:
“Erori da Babilonia, erori da!
Haren jainko-irudi guztiak
lurrean gelditu dira apurtuta” ».
10 Ene herri, garia larrainean bezala
jo zaituzten hori,
hona hemen Jaun ahalguztidunari,
Israelen Jainkoari, entzun
eta zuri iragartzen dizudan berria.

Edomen aurka

11 Edomen aurkako mezua.
Norbaitek Seirtik* 21,11 Edom: Hebreerazkoak Duma dio; izen hau Ipar Arabiako oasi bati dagokio, Edomez kanpo, beraz. Seir, berriz, Edomen beste deitura bat da. Edonola ere, mezu labur honen esanahia aski iluna da.oihu:
«Begirale, noiz arte gaua?
Begirale, noiz arte gaua?»
12 Eta begiraleak erantzun:
«Egunsentia badator,
baina gaua ere bai berriro.
Oraindik galdetu nahi baduzue,
etorri berriz ere, eta galdetu».

Arabiaren aurka

13 Arabiaren aurkako mezua.
Dedango* 21,13 Dedan: Arabia iparraldeko herri nomada zen, 16. tx.eko Kedar bezala; Tema (14. tx.) lurralde bereko oasia da. Mezuaren ingurugiro historikoa zehaztea zaila da.karabanok,
emazue gaua landa zabaleko basoan.
14 Atera bidera egarri direnei
eta eraman ura.
Tema lurraldeko bizilagunok,
eman jatekoa ihesi doazenei.
15 Izan ere, ezpatari doazkio ihesi,
ezpata zorrotzari,
uztai tenkatuari,
gudu gogorrari.
16 Jaunak hau esan dit
«Urtebete barru juxtu* 21,16 juxtu: Ik. 16,13 oh.,
Kedarreko herriaren ospea
guztiz galduko da.
17 Kedartarren arkulari ausartetarik,
bakar batzuk besterik
ez dira geldituko».
Jaunak, Israelen Jainkoak, esan du.