55. (54.) SALMOA

Gizarteko injustiziaz eta lagunen saldukeriaz kexua

1 Koru-zuzendariarentzat. Harizko musika-tresnaz. Daviden poema.
2 Ene Jainko, makur belarria nire otoitzari,
ez egin entzungor nire erreguari.
3 Kasu egidazu eta erantzun.
Urduri nago, kexu batean eta dardaraz,
4 etsaiaren oihua dela eta,
gaiztoaren begirada zorrotza dela eta.
Ezbeharrak botatzen dizkidate gainera, amorruz erasotzen.
5 Taupaka dut bihotza bularrean, herio-larriak hartua nago.
6 Beldurra eta ikara jabetu zaizkit, dardara batean nago.
7 Neure baitan diot: «Ai uso-hegalak banitu!
Hegan egingo nuke, beste nonbait pausatzeko.
8 Urrun bai urrun egingo nuke ihes, basamortuan jarriko bizitzen.
9 Berehala aurkituko nuke babesa ekaitzaren haize-burrunbatik».
10 Nahastu, Jauna, horien mihi maltzurra.
Gogorkeria eta haserrea besterik ez baitut ikusten hirian,
11 gau eta egun harresietan jiraka.
Hiri barruan okerkeria eta injustizia,
12 hiri barruan makurkeriak,
zapalketa eta azpikeriaz gainezka kaleak.
13 Ez nau etsaiak iraintzen: hori jasan nezake.
Ez nau gorroto didanak mespretxatzen:
horrengandik gorde ninteke;
14 baizik eta zuk, nire kidekoak, nire adiskide samur eta minak,
zuk nauzu mespretxatzen.
15 Solaskide gozo zintudan,
elkarrekin joaten ginen jendartean Jainkoaren etxera.
16 Betorkie bat-batean heriotza,
jaits bitez bizi-bizirik Herio Leizera,
gaiztakeriaz bete-beteak baitaude!* 55,16 Tx.eko lehen eta hirugarren lerroak ilunak dira jatorrizkoan.
17 Nik Jainkoari egin nion dei
eta Jaunak salbatu egin ninduen.
18 Arrats, goiz eta eguerdi, kexu eta intzirika nengoela,
entzun zuen hark nire ahotsa.
19 Onik atera zuen nire bizia izan nituen erasoetatik,
etsaiak hain ugari izan arren.
20 Niri entzun eta haiek makurrarazi zituen Jainkoak,
betidanik errege denak, sekula aldatzen ez denak* 55,20 sekula aldatzen ez denak: Itzultzaile gehienek esaldia etsaiei aplikatzen diete: ez baitziren aldatu eta ez ziren… .
Baina haiek ez ziren Jainkoaren beldur!
21 Adiskidearen aurka altxatu du* 55,21 altxatu du: Jatorrizkoak ez du subjektua zehazten; agian, 55,13-15 tx.etan aipaturiko adiskidea da.eskua, ituna hautsiz.
22 Gurina baino bigunago du ahoa,
baina borroka-gose bihotza.
Olioa baino leunago ditu hitzak,
baina ezpata zorrotz dira izan.
23 Jar zaitez Jaunaren eskuetan;
sendo eutsiko dizu, bai, Ongileak* 55,23 Ongileak: Biblia osoan hemen bakarrik aipatzen den hitz baten ustezko itzulpena..
Ez dio sekula zintzoari erortzen utziko.
24 Zuk, ene Jainko, herio-zulora botako dituzu
odolzale eta maltzurrak;
bizitzaren erdira ere ez dira iritsiko.
Nik, ordea, zuregan dut konfiantza.