Jesusek gazte aberatsari dei

(Mk 10,17-22; Lk 18,18-23)

16 Behin batez, gazte batek Jesusengana hurbildu eta esan zion: –Maisu, zer onik egin behar dut, betiko bizia eskuratzeko? 17 Jesusek erantzun zion: –Zergatik galdetzen didazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizian sartu nahi baduzu, gorde aginduak. 18 –Zein agindu? –galdetu zion. Eta Jesusek: –Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, 19 ohoratu aita-amak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. 20 Gazteak, orduan: –Hori guztia bete dut; zer falta dut oraindik? 21 Jesusek erantzun zion: –Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri. 22 Hitz hauek entzutean, atsekabez alde egin zuen gazteak, ondasun handien jabe baitzen.